"Kontzientziarengatik eta ohorearengatik Nafarroako Foru Erregimena mantendu, hobetu eta errespetatzea, Konstituzioa zein legeak obeditzea eta nire karguaren eginbeharrak leialki betetzea hitzematen dut", esan du Maria Txibite sozialistak Nafarroako lehendakari kargua hartzerakoan. Gaztelaniaz egin ditu adierazpenak. Txalo zaparrada luzea jaso du, baina ez bertaratutako guztiena. Lehen lerroan ziren UPNko Javier Esparzak eta Enrique Maiak ez dute txalorik egin.
Nafarroaren "esanetara" dagoela adierazi du lehendakariak hitza hartzean. Nafarroa "anitzarekiko" errespetua hitzeman du, eta bizikidetza "erronka" gisa aurkeztu du. "Garapen ekonomiko eta sozial berritzaile eta bidezko" baten alde lan eginen duela adierazi du. Gaztelaniaz egin ditu adierazpenak. Hitz bi esan ditu euskaraz, hitzaldiaren amaieran: "Eskerrik asko".
Nafarroako Gobernuko bederatzigarren lehendakaria da Txibite, hirugarren emakumea karguan.
Haren senideak, alderdi kideak eta gobernuko kideak izan dira ekitaldian. Baita Espainiako Gobernuko Nekazaritza minitro Luis Planas, Sustapen ministro Jose Luis Abalos eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere.
Bihar hartuko dute kargua Nafarroako Gobernuko kontseilari berriek. 13 kontseilaritza izanen ditu Maria Txibiteren gobernuak.