Hauteskundeak 2019

Esparzak Madrilen proposaturikoa "goi mailako traizioa" izan dela dio PSNk

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 6a, 14:26

Ahal Dugurekin bildu da gaur PSN, gobernua osatzeko asmoz. Gizarte gaiak landu dituzte PSNko Alzorrizen arabera.

Bilera "positiboa" izan da PSNko Ramon Alzorrizen arabera. Ordubetez izan dira bilduta: alde batetik, Ahal Duguko Mikel Buil, Ainhoa Aznarez, Eduardo Santos eta Maria Ros; bestetik Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Inma Jurio.

Atzo egin bezala, Navarra Suma edota "bestelako bloke nazionalistarik" ez dutela babestuko berretsi du Alzorrizek: "Esparza ez da presidente izango, eta PSNk ez du botorik emango horretarako". Madrilen Pedro Sanchez babesteko prest azaldu zen atzo Esparza. "Goi mailako traiziotzat" hartu dute berria sozialistek.

Nafarroako Parlamentuko mahaiaren presidentetza lortu nahiko luke PSNk: "Gobernuaren lidergoa parlamentuan islatzea nahi dugu". Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu alderdiekin "gobernu aurrerakoia" osatu nahi du PSNk. Navarra Sumaren abstentzioaren aukera aipatu du gaur ere Alzorrizek.

Ahal Dugu: "PSNri dagokio lidergoa eta hark dio norekin elkartu gehiengoa osatzeko"

Ahal Duguko Eduardo Santos bi alderdien arteko konfiantza eraikitzeko prest azaldu da bileraren ondotik. PSN, Ahal Dugu eta Ezkerrako 23 parlamentariek sostengatutako akordio programatikoa adostu beharko dela adierazi du: "Nafarroan egin behar da". 23 parlamentari nahikoa ez direla uste du, eta "beste indarrekin hitz egitea beharrezkoa" izango dela: "Guk bi eserleku besterik ez ditugu. PSNri dagokio lidergoa eta hark dio norekin elkartu gehiengoa osatzeko. Beraien eskubidea, zilegitasuna eta ahalmena da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!