Nafarroan 20.500 lagunek eman dute izena Euskaraldian

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 22a, 19:00

Bihar, azaroak 23, hasiko da 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ariketa soziala. Guztira 196.000 pertsonek hartuko dute parte.

Bihar hasiko da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea du xede. Nafarroan 20.500 pertsonek hartuko dute parte. 

Baionan egin da gaur Euskaraldiaren irekiera ekitaldia. Euskaraldiaren antolaketan aritu diren batzordeetako kideek eta bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest gisa arituko diren hainbat lagunek ere hitza hartu dute ekitaldian.  Ariketa sozial handia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.

  • Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute).
  • Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete.

Izen emate datuak

Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren (Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten), bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dituzte gaur Baionan. Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean.

Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak:

  • Gipuzkoan 84.000
  • Bizkaian 68.500
  • Nafarroan 20.500
  • Araban 17.500
  • Ipar Euskal Herrian 5.500

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu da. Bereziki azpimarratu da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Honela banatu dira izen-emateak adin tartearen arabera:

  • 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emandakoen %18ak.
  • 26 eta 35 urte artean %18ak.
  • 36 eta 45 urte artean %28ak.
  • 46 eta 55 urte artean %19ak.
  • 56 eta 65 urte artean %12ak.
  • 65 urte baino gehiago %5ak.

Ariketa prestatzeko aurrelanetan milaka lagun prestaketa saioetan aritu direla ere azaldu dute Euskaraldiko bozeramaleek, ahalduntze ariketa garrantzitsu bat izaten ari denaren erakusgarri modura. 

Izena emateko bi baldintza bete behar zituzten partaideek: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka entitatetan egon da izena emateko aukera, batzordeetan aritu diren milaka boluntarioei esker.

Babes handia

Euskaraldiaren aurkezpena 2017ko azaroaren 23an egin zen, Bilboko Arriaga antzokian eskainitako prentsaurrekoan. Ordurako, sei hilabetetako lana egina zegoen Euskaraldia diseinatzen, aurkezpenak egiten eta sustatzaile sarea osatzen. Urte eta erdiko lana izan da, beraz, Euskaraldiaren atariraino heldu dena.

Koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira. Baina, hortaz gain, era guztietako 180 entitatek osatutako sustatzaile sarea izan du Euskaraldiak. Entitate horien artean daude euskararen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak. Sarea, baina, askoz zabalagoa izan da, herriz-herri ere euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako entitateak (gizarte eragile, elkarte eta enpresak) aritu direlako Euskaraldiaren antolaketan.

Ariketa: hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia

Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia eginez amaitu dute antolatzaileek Baionako ekitaldia. Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean murgiltzeko akuilu izango da, Euskaraldiko bozeramaleen ustez. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin diete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!