Ciudadanos, Vox eta PP alderdiek Altsasun deitu duten ekitaldiari manifestazio batekin erantzungo dio Altsasuko herriak. Larunbatean izanen da, 17:30ean, Altsasuko Foruen Plazatik. Hala jakinarazi dute gaur arratsaldean egindako prentsaurrekoan. Altsasuarren minarekin jolasten ari direla adierazi dute: “Ciudadanos, Vox eta PP alderdiek gure eskubideak zapaltzen dituzte”.
Igandean eginen dute ekitaldia Ciudadanos, Vox eta PP alderdiek; eta egun horretarako, 10:00etatik aurrera, 'Eskubide eta askatasunen gunea' antolatu dute Iortia plazan. Bertan “festa giroa” egun osoan zehar egongo da. “Eremu irekia izango da, datozen horiek zapaltzen dituzten eskubideen isla” . Ekimen kulturalak, aktuazio musikalak eta parodiak eginen dira. Probokazioekin tentuz ibiltzeko ere galdegin dute.
Utzi Bakean Altsasu herri ekimenak herri batzarra deitu zuen eskuin muturreko alderdien deialdiari aurre egiteko zer egin erabakitzeko. Ehundaka pertsonek hartu zuten parte, eta erantzuna adostutakoa dela adierazi dute.