60.000 lagunek baino gehiagok eman dute jada izena Euskaraldirako

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 25a, 12:47

>Nafarroan 7.200 'Ahobizi' eta 'Belarriprest' daude oraingoz, izen emandakoen %12. 
>Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da ariketa sozio-linguistikoa. 

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala abiatzeko hilabete falta den honetan, elkarlanean ari direnegitasmoaren koordinatzaileek parte hartzearen inguruko xehetasunen berri emateko prentsaurrekoa egin dute Donostiako San Telmo museoan. 

Irailaren 20an zabaldu zen izen-ematea. Ordutik norbanakoek bi bide aukeratu ahal dituzte izen-ematea burutzeko: eskuz, izen-emate orrien bitartez, eta www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez. Arrate Illarok  Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, Euskaraldiaren xedea ariketa kualitatiboa egitea dela azpimarratu du, ez kuantitatiboa: “Helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza-ohiturak aldatzeko”.

PARTE-HARTZEA: DATUAK BAINO, SORTUKO DIREN ALDAKETAK HELBURU

Izen-ematearen egoeraren berri eman du Miren Dobaranek, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: “ Dagoeneko ia 60.000 lagunek eman dute izena ahobizi edo belarriprest modura aritzeko 11 egunetan zehar egingo den ariketa sozialean. Esan dezakegu beraz, 60.000 lagunek agertu dutela Euskaraldian bere inguruan eragin, hizkuntza ohiturak aztertu eta hauetan eragiteko asmoa.” Izen-emateak egunero gertatzen diren arren, Dobaranek prentsaurrekoaren momentura arte jaso dituzten datuen kuantifikazioa ehunekoetan azaldu du: “Izena eman dutenen % 45 gipuzkoarrak dira, % 31 bizkaitarrak, % 12 nafarrak, % 9 arabarrak, % 2 lapurdikoak, % 1 behe-nafarroa eta zuberotarrak”. Haatik, Dobaranek fokua ariketaren alderdi praktikoan jarri du: “antolaketan ari garenon ikuspegitik ariketa honek inertziak apurtzea eta ohiturak aldatzea duela helburu eta horregatik, datuek baino, sortuko diren aldaketek dute guretzat garrantzia. Hurrengo asteotarako beraz, ez dugu partaide kopuruen gaineko helburu zehatzik finkatu. Guretzat garrantzia berezia du parte hartuko duten guztiek bere ingurua prestatzeko egingo duen lanak, eta aldaketa eragin nahi duten horiek izatea inguruko ahobizi eta belarriprest potentzialak aktibatuko dituztenak.” Ildo horretan, Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, hamaikakoaren osatzearen garrantziaz aritu da: “Lehen hilabete honetan izena eman dutenen artean, nagusi dira ahobizi modura aritzeko gogoa agertu dutenak. Hurrengo hilabetean zehar, orain arte izena eman duten horiek bere inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzera bultzatu nahi ditugu koordinazioan ari garen erakundeotako ordezkariek. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketaren berri eman, gure buruak eta ingurua prestatzea eta beraz, inguruko senide, lagun, lankide eta ezagunek ere ariketan parte hartu dezaten animatzea”

AHOBIZI EDO BELARRIPREST: PRESTAKUNTZAREN GARRANTZIA

Azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean egingo den ariketa sozialean parte hartzeko prestaketara garaia da, eta dagoeneko 400 pertsona baino gehiagok egin dute prestatzaile izateko formakuntza. Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak, herritako batzordeak eta koordinazio orokorreko kideek elkarlanean landu dituzten bideak gogorarazi ditu: “Ahobizi eta belarriprest izateko tailerrak eskaini ditugu Euskal Herri osoan, baita, saio sakonagoak ere. Hortaz gain, azaroan banatuko ditugu partaideentzako aholkuak txaparekin batera, mezu elektroniko bidez  zein sare sozialetan”.

IKERKETA: EUSKARALDIAREN ERAGINA

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialak hizkuntza-ohituretan duen eragina neurtzeko soziolinguistika klusterrak ikerketa abiatuko du. Ikerketa egin ahal izateko, ekimenean izena eman duten kideen datu batzuk jasoko dira. Eta datuak fidagarri eta egokiak izan daitezen ahal beste pertsonek bete beharko dituzte galdetegiak. Hiru galdetegi izango dira: Lehena, Euskaraldia baino egun batzuk lehenago bidaliko dute, bigarrena, ekimena bukatu eta egun gutxitara, eta hirugarrena, 2019ko martxan jasoko dute herritarrek.

Paula Kasaresek, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko euskararen sustapenaren eta plangintzaren zerbitzuko zuzendariak, eman ditu ikerketaren garrantziaren inguruko printzak: “Garrantzitsua da Euskaraldia bezalako ekimen batek nolako eragina duen ahalik eta modu zorrotzenean ezagutzea, ikerketa horrek islatuko baitu ekimenaren ondorioak nolakoak eta zenbatekoak izan diren. Lagunduko digu ezagutzen hizkuntza ohiturak nola eta zenbat aldatu diren euskararen alde, joera horiek denboran mantendu diren ala ez, eta,  finean, ekimenaren bueltan egin den esfortzu guztiaren emaitzak neurtzeko modua izango da.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!