Twitter bidez irainak egiteagatik kargua galdu du Espainiako Poliziaren Nafarroako buruak

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 23a, 14:20

@polientes1612 ezizena erabiltzen du Daniel Rodríguez Lópezek ezkerreko politikariak eta ordezkari abertzaleak iraintzeko. Eldiario.es agerkari digitalak zabaldu duenez ,  Rodriguezek Patxi Zabaleta, Gabriel Rufian, Ada Colau eta baita Uxue Barkosen Gobernuaren kontrako irainak publikatu ditu bere twitter kontuan. Poliziak ez du ukatu twitter kontua berea denik eta gaur goizean kargua utzi behar izan du.

Albistea ezagututa, Jose Luis Arasti Gobernu Delegatua Rodriguez komisiarioarekin kontaktuan jarri da. Polizia buruak onartu dio @polientes1612 bere laneko mugikorretik irekitako eta kudeatutako kontua dela. Elkarrizketa horren ostean, Rodriguezek bere dimisioa aurkeztu egin du. Arastik argi utzi du irainak eta publiko egindako mezuak onartezinak direla kargu batengandik. Gobernu delegatuak azaldu duenez, Rodriguezen kargugabetzea uda hasi aurretik, Gobernu delegaritzan aldaketa gertatu zenetik, egin nahi zuen lana zela. Ministerioarekin eta Polizia Buruarekin berarekin hitz eginda zegoen jadanik kargu gabetzea bainan gaur piztu egin den polemikak irteerako atea azkarragoa ireki egin dio Daniel Rodriguez komisarioari.

2012an Alderdi Popularraren Gobernuaren eskutik heldu zen Nafarroara Daniel Rodriguez komisarioa  Espainiako Poliziaren buru izateko. Orduz geroztik, ezagutu berri den twitter kontu sekretu hau erabilita foru ordezkari eta baita estatuko politikarien kontrako mezuak zabaldu egin ditu. “Nazkagarria”, “traidorea” edo ta “analfabetoa” bezalako hitzak erabiltzen ditu ezkerreko ordezkari eta politikari abertzaleei zuzendutako mezuetan. Iraun hauetaz gain, Rodriguezek UPyD eta VOX muturreko alderdien aldeko twitak ere argitaratu ditu. Abascal eta Tejeroren gaineko miresmena erakutsi eta Kataluniako afera konpontzeko, katalanei gogor aurre egin behar zaiela adierazten du.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!