Bilera dute TÜV Rheiland enpresako zuzendaritzarekin urriaren azken egunean. Baina beranduegi da langileetzat. Ekainetik ari dira ohartarazten gainezka daudela eta erabiltzaileei zerbitzu egokia eskaintzetik urrun. Langile gehiago behar dituzte eta lan baldintza hobeak. Nafarroako Gobernuak beste hamar urterako eman dio kontzesioa TÜV Rheiland enpresari eta hortaz, gobernuari ere eskatzen ari zaizkio ziurtatu daitezela 50 langileen baldintzak. Izan ere, kontratazio berriei 927 euro eskaintzen dizkie enpresak, eta hori, onartezina dela nabarmedu dute langileek.
Uda honetan agerikoa izan da ezinean dabiltzala. Hiru orduko ilarak jasan behar izan dituzte askok autoari errebisioa pasatzeko. Ez dira iristen lan guztiari irtenbide emateko. Erabiltzaileak kexu dira, baina, ikuskariei botatzen diete horren "errua".
Kontent grebaren jarraipenarekin
"Kontent gaude grebak izandako erantzunarekin", adierazi dute langileen ordezkariek. Lehen datuak jaso dituzte eta agerian uzten dute ITV-IAT lantokiek "aldaketa" behar dutela. Mercairuñako eta Arbizuko bulegoetan aritzen diren bederatzi administrarietatik bik baino ez dute lana egin, alegia, %88ak grebarekin bat egin du. Ikuskarien artean %80koa izan da babesa: bi lantokien artean dauden 25 ikuskarien artean bostek egin dute lan.