Iruñea, Arbizu eta Doneztebeko ITV-IATetako langileek aurrera pausoa ematea erabaki dute. Greba eguna deitu dute gaurko, lan jardunaren etenaldia. Gainezka egin dute eta langile gehiago behar dira lan guztiari aurre egin ahal izateko. Era berean, lan baldintzak hobetzeko beharra ere aldarrikatzen ari dira.
Egoera jasanezina dela jakinarazi diote behin baino gehiagotan enpresa zuzendaritzari. Ekainetik bilerak egin dituzte eta jakinarazi diete langileak falta direla lan kargari erantzun ahal izateko. Izan ere, agerikoak izan dira lan talde txikia egotearen ondorioak: erabiltzaileek pairatu dituzte ondorioak, bereziki, sortu diren ilara luzeengatik, hiru ordu ere egon behar izaten dute zain, baina era berean, lan zama horrek langileongan ere ondorio nabarmena izan du. Gehiegizko lan karga fisikoki eta mentalki ari dira pairatzen eta onartezina da egoera hori. Irtenbidea erraza dela uste dute: langile gehiagoren kontratazioa. Adibide batekin azaldu dute: "Urnietan enpresa berak duen IATko lantokiak 23 ikuskari ari dira lanean, Iruñeko Mercairuñan 16 ikuskari ari dira", nabarmendu dute.
Lan baldintzen hobetzea ere eskatzen ari dira, bereziki Arbizuko eta Doneztebeko lantokietan. Bidegabea iruditzen zaie enpresa berarentzat lan egiten duten langileek baldintza desberdinak izatea. Are, larriak dira langile berrien baldintzak ere: urtean 1.800 orduko lanaldiak egiteagatik 927 euroko soldata gordina eskaintzen dietelako.
Mozkinak bai baina ez lan baldintzak hobetzera bideratzeko
TUV Rheiland enpresako autoen ikuskaritza zentroetan egin dute biharko greba deialdia, Donezteben, Arbizun eta Iruñeko Mercairuñan. Guztira 50 langile dituzte eta kolapsatuta daude. TUV Rheiland enpresak azken lau urteotan guztira 2,4 milioi euroko irabaziak izan ditu. Nafarroako Gobernuari ere dei egin diote, kontzesio publikoa luzatu baitiote enpresari beste hamar urterako: "Gobernuak ere badu ardura IAT zerbitzua kalitatez eskaini ahal izateko. Lan baldintzak ziurtatzen direla bermatu beharko luke", azaldu dute.