Udaletxeko plaza bete dute Pentsionistak Martxan taldeko kideek. 1.080 zenbakia irudikatu dute ehunka lagunek, pentsio publiko eta duina aldarrikatzeko. Pentsionisten artean, milaka aurpegi daudela gogorarazi du elkarteko Arantxa Iturraldek, Badira adinagatik jubilatu direnak eta pentsioa jasotzen dutenak; badira gaixotasun batengatik pentsioa jasotzen ari direnak; badira menpekotasuna dutenak… eta denek duin bizi ahal izateko pentsioa merezi dutela nabarmendu dute.
Eskubide Sozialen Karta osatzen duten gizarte eragile eta sindikatuek ere bat egin dute Euskal Herriko pentsionistek egindako deialdiarekin. 1.080 euroko pentsio minimoa, 2011 eta 2013ko erreformak bertan behera uztea, KPIaren araberako igoera ziurtatzea eta pentsio sistema propioa, publikoa eta ziurra segurtatzea eskatu dute beste behin. Foruen Plazatik, gainera, beste manifestazio bat irten da pentsio sistema publikoaren alde.