Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialean parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago. Irailaren 20tik aurrera euskara praktikan jarri nahi duten herritarrek hizkuntza ohiturak astintzea helburu duen ariketa sozialean parte hartzeko izena eman ahalko dute. Horretarako euskaraldia.eus webgunea baliatu ahalko dute. Bertan izen-emate formularioa dago. Parte hartzeko belarriprest eta ahobizi rolen artean erabaki beharko dute. Horretarako webgunean bertan topatuko dute erabakia hartzen lagungarria izango zaien informazioa.
Euskaraldiaren pausu berria aurkezteko irekiera ekitaldia antolatu da Iruñeko Zentral aretoan.
Edurne Azkarate eta Urko Aristik gidatu duten ekitaldiak hiru zati izan ditu: Lehenik eta behin hedabideak bildu dituen prentsaurrekoa eskaini dute euskararen lurraldeko koordinazio mahaiko kideek. Horren helburua, Euskaraldiaren ibilbidearen errepasoa egin, elkarlanaren garrantzia azpimarratu eta hurrengo hilabeteetan datozen pausoak azaltzea izan da.
Arrate Illarok, Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak, izen-ematearen nondik norakoak xehetasunez azaldu ditu, eta ondoren, egindako ibilbidearen errepasoa egin dute. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak nabarmendu du ekimen hau izaten ari den harrera “ikusgarria”: “Nire kasuan, ahobizi bezala parte hartuko dut Euskaraldian, eta ariketa sozial hau hasteko irrikan nago. Lanetik kanpoko zenbait lagunekin ditudan hizkuntza ohiturak aldatzeko oso baliagarria izango delakoan nago. Harrigarria da euskararen lurraldeko osoko erakundeen eta euskalgintzaren artean bultzatutako elkarlanari esker lortzen ari garen oihartzuna, ikusgarria nolako harrera izan duen ekimenak ehunka herritan”. Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, lankidetza azpimarratu du: Lankidetzaren bide honetan, bide lagun onak izan ditugu. Euskalgintzako gizarte eragileak, entitateak, elkarteak… Eta lankidetza horren fruituak jasotzen ditugu gaurko ekitaldian. Hiruko Ituna berritu genuenean, interes handikoa izan zen Euskaraldia egitasmoan parte hartzea. Izan ere, euskararen erabilera zabaltzeko lanean ari gara Nafarroan, elkarlanean”. Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako presidente-ordearen hitzetan: “Euskara biziberritzeko lanean ari gara. Gazteen artean gero eta euskaldun gehiago bada, eta euskaldunen kopurua ez da gehiago apaltzen. Haatik, zinez biziberritu nahi badugu, euskara behar dugu plazara jalgiarazi, behar dugu entzun, behar dugu entzunarazi, ikusi, eta bixtan da erabili. Eta nik ere parte hartuko dut, herritar gisa, Arrosako auzapez gisa, gure herria eta eskualdea toki euskaldunak baitira, baina, halere, anitzetan gertatzen da frantsesera lerratzea. Eta Euskaraldiak emanen dizkigu tresna batzuk, usaia batzuk, preseski horrelakoetan euskaraz segitzeko, eta agian, hor hartuko ditugun usaiek iraunen dute”.
Izen-ematea noiz eta nola
Gaur hasi eta azaroren 23ra bitarte, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek eman beharko dute izena webgune orokorrean zein herriz herri jarriko diren postu eta lekuetan.
www.euskaraldia.eus webgunean zuzenean beraien datuak utzi ahal izango dituzte herritarrek; gero, azaroaren hasieran, aukeratutako roleko txapa jasotzeko herrietan.
Herriz herri ere izen-emateko postuak jarriko dituzte, eskuorrien bitartez edo ordenagailuetan herritarrek izena eman dezaten.
Eta entitate sustatzaileek ere egingo dute parte hartuko dutenen izenak biltzeko lanketa euren lantegietan bertan.
Euskaraldiko kantua
Aurrerantzean Euskaraldiak doinu propioa izango du. Euskaraldiko kanta aurkeztu eta entzun da lehen aldiz ekitaldian. Las Tea Party, La Basuk eta Ines Osinagak ondutako kantak Maddalen Arzallus bertsolariaren kolaborazioa izan du.
Musikaren lau ardatz ezberdinetan hazi diren ibilbide luzeko lau sortzaileek egindako lanaren fruitua da abestia. Lau ardatz ditu abestiak: bertsotik, soinu tradizionaletik, Rap-etik eta elektronikaren baliabide digitaletatik edaten du. Anitza hasiera-hasieratik: lau sortzalileak eremu sozilinguistiko ezberdinetatik sortutakoak dira eta harreman ezberdina izan dute euskararekin baita ere.
o Doinua: Ines Osinaga eta Las Tea Party
o Letra: La Basu eta Maialen Arzallus
Hemendik aurrera
Gaurtik aurrera, Euskal Herri osoko belarriprest eta ahobiziek izena eman dezaten, milaka postu eta informazio gune jarriko dituzte Euskal Herriko ehunka herrietan. Izen-ematearen inguruan informazioa emateaz gain, prestakuntza saioak ere eskainiko dituzte 11 egun horietan zehar nola jokatu jakiteko.
Herrietako ekimenez gain, Euskal Herri osoko batzordekideei zuzendutako prestakuntza saioak eskainiko ditu Euskaraldiak. Urriaren 3an Bilbon bilduko dira prestatzaile izango direnek formazioa jasotzeko; eta urriaren 6an Burlatan izango da hitzordua bertsua egiteko.
Ikerketa
Euskaraldia burutzearekin batera, ariketaren inguruko ikerketa egingo da. Bertan, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertuko dira, batetik; eta ekimenaren eragina nolakoa eta zenbatekoa den ezagutu nahi da, bestetik.
Ikerketa ahalik eta zabalena izateko, Euskaraldian izena emango duten guztiek galdeketa bat jasoko dute e-postaz ekimena hasi baino hilabete lehenago. Garrantzi handikoa da ahalik eta herritar gehienek galdeketa horri erantzutea, horrek ahalbideratuko baitu, behin ekimena bukatuta, ondorio kualitatiboak eta kuantitatiboak eskuratu ahal izatea: ekimenaren arrakasta eta eragina neurtzea eta sortu diren bizipen eta inpresioak biltzea.