Foruzaingoak jakitera eman duenez, dibortzio bat dago atzo Kasedan izandako tiroketaren oinarrian. Atxilotuta daude 53 urteko gizonezkoa eta haren bi semeak. Etzi goizean deklaratuko dute Agoitzeko instrukzio epaitegian.
Foruzaingoko komunikazio taldeak adierazi duenez, atzo gauean dispositibo bat aktibatu zuten gertaera gehiago egon zitezkelakoan. Foruzaingoa eta Guardia Zibila elkarlanean ari dira gertatutakoa ikertzen. Foruzaingoak eguerdian emandako datuen arabera, dibortzio bat dago gertatutakoaren oinarrian. Iturri ofizialen arabera, emakumearen bikotekidea da hildakoetako bat. Eslabako 50 urteko gizon bat, eta 29 eta 17 urteko haren bi semeak dira hildakoak. Atxilotuen kasuan, berriz, ez dago argi hiruetako nork egin zuen tiro.
Kasedako udalak hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du, eta Jesus Esparza alkateak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei. Zapi beltzak jarri dituzte banderetan. "Herri guztia dago atsekabetuta, baina horren baitan, nabarmentzekoa da lasaitasuna dela nagusi".
"Kezka" agertu du Nafarroako Gobernuko eledun Maria Solanak ere, "herritarrak larritu egiten dira halakoekin". Horiek hala, lasaiatasuna eskatu du eta nabarmendu Foruzaingoa lanean ari dela gertatutakoa ikertu eta egoera "kontrolpean" mantentzeko.