Hiru pertsona hil dituzte tiroz Kasedan bi familiaren arteko liskar batean, Foruzaingoak jakinarazi duenez. Gertakari horrekin lotuta, hiru lagun atxilotu dituzte: 53 urteko gizonezko bat eta haren bi semeak.
Hildakoak aita-semeak dira, 50, 29 eta 17 urtekoak. Atxilotutako hiru lagunak, bestalde, Lizarraldeako udalerri bateko bizilagunak dira eta Tafallako polizia-etxera eraman dituzte.
SOS Nafarroa larrialdi zerbitzura 18:53an deitu dute, Kasedako kale batean tiroak entzun direla eta hiru lagun lurrean botata zeudela eta hilda egon zitezkeela ohartarazita. Foruzaingoa eta anbulantziak berehala bertaratu dira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Foruzaingoaren esanetan, bi familiaren arteko liskar batek eragin du tiroketa. Erasotzaileek ibilgailu batean ihes egin dute, baina patruila batek atzeman ditu, San Martin Unx parean. Jazarpen labur baten ondoren, autoa geldiarazi dute eta hiru susmagarriak atxilotu egin dituzte. Tafallako polizia-etxean daude hirurak.
Foruzaingoak ikerketa bat jarri du abian, gertatutako guztia argitzeko.