Volkswageneko lantokirako zortzi eguneko ixtea ezin izan dute geldiarazi sindikatuek

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 24a, 09:20

Ez da aldi baterako lan erregulazio espedientea geldiarazterik izan. Volkswagenen negoziazioek bidea hasi dute enpresa zuzendaritzaren eta enpresa komitearen artean baina lehenengo bileren ondotik, sindikatuek ez dute lortu erronka handiena zena: zortzi egunetarako iragarria dagoen lan erregulazioa geldiaraztea.

Markatutako lehen heburuari bizkar eman dio zuzendaritzak, eta hortaz, gaurtik aurrera bestelako helburuak markatuko dituzte: nahiz eta zortzi egunetarako iragarria dagoen lan erregulazio espedientea, ez dago argi nahikoak izanen ote diren zortzi egun motorren gabezia konpontzeko. Bestetik, uste dute sindikatuetatik mahai gainean dagoen lan erregulazioak ez diela eraginen modu berean langile guztiei. Beraz, zuzendaritzak mantentzen duen lan erregulazio espedienteak mataza asko ditu argitzeke.

Hori bai. Zuzendaritza ez da guztiz zurrun aritu. Aukera bat proposatu zuen aldi baterako lan erregulazioa egin ez zedin. Zein? Bada, lantegia itxiko den zortzi egunak langileek dagoeneko baduten “ondorio kaltegarrietarako” poltsara bideratzea. Hau da, langileak enpresari zor dizkion lanegun gisara gera daitezkeela zortzi egunak nahiko luke zuzendaritzak. Zortzi egun horiek enpresak behar handiagoak izanen dituen eperako izanen lirateke, aurreikuspenen arabera 340.000 auto ekoiztera iritsiko den garaietarako, adibidez. Aukera hori baina ez zuten begi onez ikusi UGT eta Comisiones Obreras sindikatuek, eurek eskatua baitute lantegia itxita egonen den egun horietan eraginen den kostu ekonomikoa enpresak beregain hartzea. Diote, langileek dagoeneko zor dituztela egun dexente eta “ondorio kaltegarrietarako” poltsa ez dela halako irabaziak dituen multinazional batean erabiltzeko modua.

Gaur hasiko dira aldi baterako lan erregulazioaren negoziazioak. Lehenik eta behin eskatuko diote zuzendaritzari, beregain har ditzala langileak langabeziara joan eta soldatak osatzeko ardura. Une hauetan 81.000 kotxe daude osatu gabe eta lantokia itxita egonen den zortzi egunetan 11.200 auto egiteari utziko diote Landabenen.

Lan Erregulazio Espedientean malgutasuna onartzeak arriskuak ere ekar ditzake. Izan ere, baliteke lantokiaren itxieraren ondoren ere arazoak segitzea, eta oraindik ere ez izatea nahikoa motor autoak osatzeko.

LAB sindikatuak bere aldetik proposamen zehatzak egin ditu: sindikatuak uste du bestelako autoak ekoizten segitzen ahal duela Volkswagenek, adibidez, Argeliara bidaltzen dituzten horiek eta diesel-ak, %10 eta %12 dira. ELA sindikatuak ere uste du zuzendaritzak ez lukeela gizarteratu behar lantegiak izanen dituen galerak eta lan erregulazioan prestutasun handiagoa behar dela nabarmendu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!