Volkswagenek lan erregulazio espedientea aurkeztu du Iruñeko lantokirako

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 21a, 08:02

Volkswagenek, Landabengo bere lantokirako zortzi eguneko Lan Erregulazioa egiteko asmoa iragarri du, bere produkziorako ezinbestekoak diren motorrak ez direlako iristen.

Nafarroako enpresarik handienak Lan Erregulazio Espedientea jarriko du martxan. Volkswagenek, Landabengo bere lantokirako zortzi eguneko Lan Erregulazioa egiteko asmoa iragarri du, bere produkziorako ezinbestekoak diren motorrak ez direlako iristen. Zuzendaritzak egin berri du planteamendu hori eta atzo igorri zieten asmoa sindikatuei. Iraileko lehen bost egunetarako izanen litzateke lehenengo geldialdia: irailaren 3tik 7ra izanen litzateke itxita Landabengo lantokia. Beste hiru egunak ez ditu zehaztu enpresak oraindik.

4.600 langileri eraginen dien lan erregulazio espedientea da Volkswageneko zuzendaritzak planteatu berri duena, baina, ez hori bakarrik. Hasieran esan dugu, Nafarroako enpresarik handienak erregulazioa iragarri duela. Izan ere, zuzeneko 4.600 langile horiez gain, beste 13.000 enplegaturi ere eraginen die zeharka. Zer dela eta itxi beharko dute lantokia zortzi egunez? Bada, gas isurien araudi berriari egokitzeko eta gasolina motorren igoeren ondorioz, Volkswagenentzat motorrak egiten dituen arduradunak ez duelako behar bezainbeste gailu egin eta autoak osatu gabe gelditzen ari dira. Azalpen hori eskaini du ohar bidez zuzendaritzak eta ohartarazi du halako egoera dagoeneko bizi dutela Volkswageneko Alemaniako, Mexikoko eta hegoafrikako lantokietan ere.

Ondorioak langileek jasan beharko dituzte

Nafarroako lantokian orain arte eginiko lan erregulazio espedienterik luzeena litzateke orain iragarritako hau. Sindikatuek diote asmo txarrez egindako planteamendua dela: bereziki kritiko agertu dira epe gutxi pasa delako erregulazioaren iragarpenetik erregulazioa bera izanen den egunak arte, informazio gutxi zabaldu dutelako eta zuzendaritzaren planteamenduan langileak direlako arazoaren ondorioak pairatuko dituztenak. Enpresaren planifikazio txarraren ondorioa da lan erregulazio espedientea, sindikatuen ustez.  Izan ere, diote, bazekitela lehendik ere irailaren lehen egunetik aurrera motorren araudia aldatuko zela eta egokitu beharra zela. Hortaz, aurreikusi gabe aritu da zuzendaritza eta horren ondorioak langileek jasan beharko dituzte orain.

Negoziazio epea zabalduko da orain. Hamabost egun dituzte adostasun batera iristeko. Enpresa komitea gaur bilduko da mahai baten bueltan eta hamahiru lagunek osatuko dute. Bihar edo etzi izanen du talde horrek bilera zuzendaritzarekin. Ez dakite oraindik zer nolako aukerak izanen dituzten lan erregulazio espediente hori geldiarazteko, baina, behintzat baldintzak hobetu eta egunak gutxitzea izanen dute xede. Alegia, markatuta ez dauden hiru egun horiek erretiratzea izanen da negoziazio bideetako bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!