Jarraipen bereziko presoen fitxategian egoteari utzi diote Altsasuko auziagatik preso dauden zazpiak. Egindako delituaren arabera preso batzuei kontrol eta zaintza handiagoa ezartzen zaie espetxean. Kartzela kartzela barruan moduan ezagutzen da FIESa: patiorako irteerak mugatzen ditu, espetxeetan egiten diren jardueretan parte hartzeko aukera mugatzen du, ziegaren miaketa eta presoen miaketa gehiago dakar eta komunikazioak interbenituak izaten dira. Adurrek, Jokinek eta Oihanek urte eta erdi pasa eman dute erregimen horrekin. Epaian haiena terrorismoa ez zela esan eta gero pasa den astean kendu zituzten fitxategitik. Asteartean Soto del Realen espetxeratu zituzten Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen ohiko erregimenean daude ere.
Larunbatean, manifestazioa
Larunbatean Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute Altsasuko auzian espetxean dauden gurasoek. Ekainaren 16an izanen da larunbatarekin 17:00etan. Sadar futbol zelaitik irtengo da, (Golem zinematokietatik irtetekoa zen baina egun horretan kirol proba bat dago Iruñeko Alde Zaharrean barna eta aldatu behar izan dute) Zaragoza etorbidea igaroko du, Nafarroako Gorteak kaletik sartuko da eta Askatasunaren plazan amaituko du Karlos III.ean barrena sartuta.
Dagoeneko ziurtatuta dago Lleida, Bartzelona, Vic, Girona, Madril, A Coruña eta Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak abiatuko direla Iruñerantz. Sakanatik ere, Bakaikutik eta Altsasutik, esaterako.