Espetxean sartu dituzte Altsasuko auziko gazteak

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 6a, 08:00

>Guardia Zibilak Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola atxilotu ditu, eta Auzitegi Nazionalak lau gazteak espetxeratzeko agindu du, ihes egiteko arriskua argudiatuta.
>Herri, hiri eta auzoak jendez bete dira Altsasuko Auzia salatu eta gazteak espetxetik atera ditzaten eskatzeko. 

Altsasuko Gurasoek lehenbizi agerraldia egin zuten atzo eta ondoren Euskal Herri guztiko plazak jendez bete ziren auzia salatzeko eta kritikatzeko gazteak atxilotu izana eta espetxera bidali izana. Agerraldian, hitz hauek egin zituzten gurasoek (agerraldian irakurritako oharra da ondorengoa):

Gaur, Federico Garcia Lorca jaio zela 120 urte betetzen diren egunean, txarolezko arimadunak, argirik gabeko gizonak, Altsasuko egunsentia oztopatu nahi izan dute: gure 4 lagun bahituak eramatera etorri dira.

Beste behin ere, eta muntai hau hasi zenetik asko izan dira, herria okupatu digute, mina eta amorrua sortzera etorri dira. Justizia denontzat berdina ez dela ikusi dugu gaur ere: kasu batzuetan fidantzak edota askatasuna, gurean atxiloketak eta kartzelaratzeak, Gainera “ihes egiteko arrisku” baten aitzakia erabiliz, denok argi eta garbi dakigunean ez dagoela horrelakorik, une oro epaitegietan borondatez aurkeztu direlako deitu zaienean, 50 urteko espetxe zigorraren itzala zutenean ere herrian bizitzen jarraitu dutelako, epaiketara joan direlako eta epaia atera zenetik bost egun igaro direnean ere hemen jarraitu dutelako..

Indar eta okupazio erakustaldi bat eman nahi izan dute, eta Iñaki, Jonan, Aritz eta Julen atxilotzearekin ez dute nahikoa izan: gure elkartasuna adieraztera joan garen herritarrak identifikatu eta mehatxatu gaituzte, borrekin jo eta isunak jarri dizkigute.

Azken finean, beste botere abusu bat eta Altsasuko herriari beste eraso bat. Gorroto dinamika batean kateatu nahi gaituzte, baina gu ez gara haiek bezalakoak: Altsasu, Nafarroa eta Euskal Herriko kaleak betetzen jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala era aldarrikatzaile, baketsu eta pluralean. Asko gara, geroz eta gehiago, eta haiek soilik haien indar erakustaldiak eta justizia eza dute.

Neurriz kanpokoa eta beharrik gabea izan da gaurkoa, eta herriarekiko bortitza eta oso mingarria baita ere. Gure lau seme eraman eta espetxeratu dituzte. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu, herri, Sakana, Nafarroa, Euskal Herri bezala erantzun behar dugu, Estatuko beste herrien laguntzarekin. Erantzun bateratu, argi eta indartsua emateko unea da.

Gaur bertan, Altsasu guztiari dei egiten diogu 20:00etan deitu dugun manifestazio zaratatsuan parte hartzeko, eta Nafarroa eta Euskal Herriari ere ahal duen moduan kalera ateratzeko. Eta datozen egunetarako, eragile politiko eta sozialei, baita herritarrei ere, haien esparruetan mobilizazioak artikulatzeko deia egiten diegu. Injustizia honen kontra dagoen herria beste behin ere kalera atera behar da krudeltasun erakustaldi honi aurre egiteko.

Justizia gogoak elkartzen bagaitu, ekainaren 16ean Iruñeako kaleak betetzea dagokigu, pertsona solidario eta aldarrikatzaileez osaturiko olatu izugarria sortuz. Dei egiten diogu Nafarroako, Euskal Herriko eta penintsula osoko gizarteari Iruñean ekainaren 16an 17:00tan Golem zinemetatik abiatuko den manifestazio anitzera etortzera eta herri guztietatik autobusak antolatzera.

Min handia egiten ari digute, zuen babes eta elkartasunarekin soilik gainditu dezakegun mina. Mobilizazioetan ikusiko dugu elkar.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!