Artzapezpikutzak etxetik bota nahi du familia bat hilabete amaieran

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 9a, 07:59

>Hipotekek Kalteturikoen Plataformak elkarretaratzea eginen du 17:00etan Iruñeko artzapezpikutzaren parean. 
>Familia bat bizi da etxebizitza horretan: Pilar, 55 urteko emakumea, haren alaba eta haren biloba. 
>Artzapezpikutzaren jabegokoa den etxebizitza batean bizi dira, Esa herrian. Maiatzaren 29an etxetik joateko agindua dute. 

Etxerik gabe gera daiteke familia bat Artzapezpikutzak hala nahi duelako. Esa herrian bizi dira Pilar, haren alaba eta haren biloba eta hilaren 29an etxetik joateko agindua jaso berri dute. Jabegoa artzapezpikutzak du eta jakinarazi die familiari ez duela etxe horretan bizitzerik nahi. 

2014an iritsi zen familia Esako artzapezpikutzaren etxera. Herri horretako parrokoak eskaini zion Pilarren familiari etxebizitza hori. Trukean inguruan zituen belardiak, olibondoak eta Eliza bera mantentzen laguntzeko eskaintza egin zion. Hori guztia ez zen inongo paperetan sinatu, dena, hitzez adostu zela onartu du Pilarrek. Orain, arriskuan ikusten du bere familiaren etorkizuna. 

Artzapezpikutzak eman du bere azalpena: etxebizitza horrek ez du bizigarritasun baimenik eta egokitzeak dirutza exijituko luke. Gaineratu dute, egindako eskaintza hura borondate onarekin egindakoa izan zela, beharrean zegoen familia bati laguntzearren. Orain bizigarritasunik ez duela kontuan hartuta, zerbait gertatuko balitz artzapezpikutzaren ardura izanen litzatekeela-eta, ezinezkoa da familia bat etxebizitza horretan bizitzen segitzea, nabarmendu dute. 

Artzapezpikutzak dio orain ez daudela prest etxebizitza egokitzeko. Dena dela, joan den urteko ekainean familiari esan ziotena guztiz desberdina izan zen. Prest zeudela etxea konpondu eta ondoren alokairuan eskaintzeko familia berari. Baina, bide honetan bi aldeen erlazioa okerrera joan da. Pilarren esanetan artzapezpikutzak ez zuen ongi hartu Hipotekak Kalteturikoen Plataformakoekin harremanetan jartzea. 

Protesta eginen dute gaur

Arratsaldean egoera hori salatu eta elkarretaratzea eginen dute Iruñeko artzapezpikutzaren parean 17:00etan. Hipotekek Kalteturikoen Plataformako kideek deitu dute protesta egoera guztiz bidegabea delakoan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!