"Fermin Balentzia, gure memoriaren kantaria, herriarekin atxikiak diren kantuekin lotuta han-hemenka ibili da 50 urteetan, karrika, plaza eta eszenatoki guztietan Nafarroan", esan zuen Bingen Amadozek, 2018ko Vaianako Printzea saria Fermin Balentzia abeslariarentzat izan dadila eskatzen duen herri ekimenaren izenean, egitasmoaren aurkezpen egunean. Orain, 200 elkarteren eta eragileren babesa jaso du hautagaitzak eta 2.000 norbanakoen sostengua.
Taldeen artean, askotarikoak, Iruñeko Orfeoia eta Euskal Herriko Txistulari Elkartea, esaterako. Eta norbanakoen artean, izen ezagun ugari: Montxo Armendariz eta Helena Taberna zinemagileak, Marta Mendia eta Juan Martinez de Irujo kirolariak, Emilio Majuelo eta Tomas Urzainki historialariak...
Nafarroako Kultura Kontseiluak ostiralean jakinaraziko du zeini emanen dion saria. Fermin Balentziaz gainera, Sagrario Aleman euskaltzale eta irakaslea, Nafarroako Abesbatzen Elkartea, Gregorio Monreal abokatu eta historialaria, Tomas Yerro idazlea, Atena Fundazioa, Ramon Macias ikerlari, musikari eta margolaria eta Daniel Baruc idazlea daude. Saria Erriberrin banatuko dute, maiatzaren 26an.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!