Memoriaren aldeko hamaika elkarteren eta norbanako askoren nahia da: Fermin Balentzia kantautoreak 2018ko Vianako printzea saria jaso dezala, "Nafarroari, nafarrei eta memoria historikoari abesten eta konposatzen egindako ekarpenarengatik".
"Askatasunaren koblakaria, herri koblakaria, memoriaren koblakaria eta Nafarroako Koblakaria". Hala izendatu dute Balentzia, eta haren ibilbidean goratu dute: "Fermin Balentzia, gure memoriaren kantaria, herriarekin atxikiak diren kantuekin lotuta han-hemenka ibili da 50 urteetan, karrika, plaza eta eszenatoki guztietan Nafarroan", esan du Bingen Amadozek, herri ekimenaren izenean.
Historiari eta memoriari kantari
1936ko estatu kolpeaz geroztiok jazarpena zein historia hurbilari lotukoak izan ditu hizpide kantariak eta bide hori da omendu nahi dutena.
Gaur goizean aurkeztu dute ekimena eta babes zabala izan du. Hona hemen zerrenda: Affna 1936, Amapola del Camino, Ahaztuak 1936-1977, Asociación Maravillas Lamberto de Larraga, Asociación Mendavia, Familiares de Asesinados de Azkoien, Familiares de Asesinados de Cortes, Autobús de la Memoria, Buñuel 1936, Telleriako Ahaztuak de Elo, Erriberri por la Memoria, Euskal Memoria, Kasedako Memoria, Mujeres con Memoria, Memoriaren Bideak, Orreaga Fundazioa, Sanfermines 78 Gogoan, Asociación Pueblo de las Viudas de Sartaguda, Fundación Altaffaylla, Zurbau Oroimen Taldea de Oltza, Altsasuko Memoria eta Gurugú de Lodosa.
Hautagaitzari babesa emateko, ferminbalentziabai@gmail.com helbidera idatz dezakete nahi duten norbanako guztiek.