Maria Garcia Rodriguez Ingurumenerako idazkariak Espainiako Senatuan esan du Esako urtegia erabat segurua dela. "Segurtasuna betetzeko beharrezkoak diren betekizun guztiak dauzka", nabarmendu du. Bestetik, Muga izeneko meatzearen inguruan txostenaren zain daudela ere ohartarazi du: "Ingurumenarekiko zer nolako jarrera duen aztertzeko beharrezkoa dugu txostena jasotzea. Horren zain gaude", adierazi du. Dena dela, Esa urtegiaren segurtasuna zalantzan jartzen dutenei mezua helarazi die: "Esa segurua da, neurri eta arau guztiak betetzen ditu".
Garcia Rodriguezek hitz horiek egin ditu Talde Mixtoaren galderei erantzunez. Podemoseko Idoia Villanuevak jakin nahi du Muga meatzeak eraginik izanen ote duen Esako urtegian eta haren inguruko eremuetan. Villanuevak uste du, meatzea Esa urtegiaren alboan kokatzeko aurreikuspena dagoenez, kalteak eragiten ahalko dizkiola urtegiari berari eta inguruko eremu eta herriei ere. Gogoan izan du gainera, meatzea, aurreikusitakoa baino gehiago zabaltzen ari dela eta Ebroko Ur Konfederazioarekin elkartzeko nahia agertu du senatariak.