Polemikaren ostean bertan behera utzi dute 'La Fuga trail' lasterketa

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 20a, 09:43

"Bakearen, adiskidetasunaren eta bizikidetzaren" aldeko proba zela esan dute antolatzaileek eta presoen memoria oroitzea zela xedea, ez besterik. Lasterketa kartzela barrutik ateratzen zelako jarri zuten armadaren logoa.

Bertan behera utzi dute La fuga trail lasterketa, "Nafarroako askotariko agente sozial, politiko eta instituzionalekin bildu eta gero". "Bakearen, adiskidetasunaren eta bizikidetzaren" baloreak bultzatu nahi zituen, antolatzaileen esanetan, baina polemika sortu zen sare sozialetan, laguntzaileen artean armadaren logoa azaltzen zelako. 

Ihesaren ibilbidearen "ahalik eta antza gehien" zuen bidea osatu nahi zuten, eta, hori dela kausa eskatu zioten baimena armadari, presondegi barrutik atera ahal izateko. Trukean, haren logotipoak jarri behar izan zituzten.

Gauzak horrela, "zenbait inpultso komunikatibo gaizki neurtu" zituztela onartu dute antolatzaileek, izan ere, uste zuten memoriaren aldeko ekitaldi gisa hartua izanen zela. "Uste genuen Nafarroako gizartea prest egonen zela ekitaldi hau hartzeko, baina aintzat eman genituen denbora pasata hala ez direla ikusi dugun zenbait premisa".

Komunikabideei kritika

"Ustekabea adierazi nahi dugu, ikusita hedabide batzuek gai hau landu dutela iturriak kontrastatu gabe, gaizki eta era partzial eta interesatuan, gure izenak erabiliz eta gure kolaboratzaileen eta patrozinatzaileen logoak publikatuz era arbitrarioan", salatu dute.

Dirua bueltan

Eskerrak eman dizkiete "kolaboratzaile eta patrozinatzaileei" eta bertan behera uzteko erabakia "aldebakartasunez" hartu dutela adierazi dute. Bestalde, izena emana zuten 500 parte hartzaileei dirua bueltatuko dietela ziurtatu dute.

Hemen irakur daiteke antolatzaileen idazkia osorik.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!