Ustelkeria kasu baten aurrean gaudela salatu du Kontuz elkarteak. Kasu honetan, Kontuzeko kide den Patxi Zamorari egindakoa da ustelkeria, euren esanetan. 31 urtez aire laguntzaile gisa lan egin du Zamorak. Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena kendu dio "ez gai" dela esanda. Iberiak bidegabetzat jo arren lanetik bota du. Ez dute zalantzarik "mendeku" bat izan dela. Zamorak argi du erregimeneko indarrak daudela atzean. "Kontuzen lanak min handia egin die. Ustelkeria ez da bakarrik diru publikoa eramatea, baizik eta zerbitzu publikoak erabiltzea herritarren aurka”, nabarmendu du. Nafarroako Kutxaren inguruan egindako salaketek min handia egin zieten Nafarroan garai hartan agintzen zutenei, eta horietako batzuek "zitalkeriaz eta mendekuz" jokatu dute Zamoraren aurka.
Patxi Zamoraren arabera, erabakia erabat arbitrarioa izan da. Zenbaitetan hegazkinetan sartzeko baimen hori erretiratu egin ohi zaie langile batzuei diziplina neurriengatik, baina erabaki hori beti espediente baten bitartez justifikatu behar da, abokatu madrildar batek Zamorari azaldu dionez. Kasu horretan ez dago azalpenik. Baimena, gainera, betiko kendu diote.
Gertatutakoa salatzeko eskatu die aldaketa sostengatzen duten alderdiei. 2015eko abenduan Aldaketa koalizioaren Senatuko hautagai izan zen Patxi Zamora. Era berean, laster agiri bat kaleratuko dute kazetariek sina dezaten. Gainera, sindikatuei ere babesa eskatu die langile bat bidegabeki kaleratu dutelako.