Urrutia (Kontuz): “Ustelkeriaren salaketa gizarteratzea aurrerapauso handia izan da aldaketarako bidean"

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 18a, 13:39

Kontuz kontsumitzaile, erabiltzaile eta zergadun elkarteko kide Patxi Urrutiaren irudikoz, aldaketa behar bezala hasteko ezinbestekoa da orain arteko "zikinkeria guztia" garbitzea, eta horregatik Gobernu berriak ustelkeriaren aurkako zerbitzu berezia sortu beharko luke.

Azken urteotan, sutsuki aritu da lanean Kontuz elkartean, baina Patxi Urrutia hamaika gizarte mugimendutako beteranoa da. Eskarmentu horren talaiatik baikor so egiten dio Nafarroako aldaketari. Gauzak zuzen eginez gero ziur da aldaketa horrek lau urte baino gehiago iraunen duela. Hizlari sutsu bezain oparoa izanda, hamaika titular oparitu dizkigu:

 

“Gobernu berriak ustelkeriaren aurkako zerbitzu berezia sortu behar du”.

 “Gizarte mugimenduek bi funtzio jokatu behar dute: Gobernua bultzatu egiazko aldaketa gauzatzera, eta mobilizatu gobernua etsaien erasoetatik babesteko”.

“Orain arte galtzaile izan garenok irabazle sena geureganatu behar dugu”.

“Gizarte soliadioago eta hobe baten alde ari gara lanean. Lan handia da, baina zuzen jokatzen badugu gizartea kutsa dezakegu ideia horrekin”.

 

Euskalerria Irratiko kolaboratzaile historikoa zara.

Zoritxarrez horrek badu kutsu ezkor bat: horrek erran nahi du urte asko daramatzagula hemen. Horregatik geure burua jakintsutzat hartzen ahal dugu, baina errealitatea beste bat da: zahartzen ari garela.

Zein erraz darabilgun historiko hitza kazetariok. Nolanahi ere, aldaketa bai, aldaketa historikoa izan da, ezta?

Ehun urte hauetan gertatu ez dena gertatu da oraingo honetan. Ehun urteren buruan halako garaipen bat izatea, eta Nafarroako errealitate politikoak elektoralki beste modu bateko emaitzak edukitzea, oso-oso inportantea da; alde batetik, hainbertze gauza egiten ahalko direlakoz; eta, bertzetik, orain arte galtzaile izan garenok irabazle sena geureganatuko dugulako.

Espero al zenuen?

Bai. Sinetsita nengoen oraingoan hala gertatuko zela, eta azken bi urte hauetan leku askotan erran izan dut hau, eta anitzek Baikorra erraten zidaten abizenez.

Horren kontura hainbat afari irabazi dituzula esan didate.

Bai bada. Gertatzen da gauza bat: beti galtzaile zarelarik irabazlearen sena ez duzu barnean, eta egiten dituzun hausnarketa guztiak galtzailearenak dira. Eta zuk irabazi nahi baduzu behar duzu sinetsi irabazten ahal duzula. Sen hori ez baduzu ezin duzu irabazi. Azkenean hori ere sartzen hasi da. Jendeak erraten zuen UPNk ez zuela inoiz galduko. Baina horiek ere badituzte guk bezala ahulguneak, eta ahulgune horiek aprobetxatzen ikasten badugu halako gauzak egin daitezke.

Horretaz gain, zer aldatu da aldaketak irabaz dezan?

Nire etxe aldera ekarriko dut kontua. Hemen ustelkeriaren inguruan egindako hausnarketak eta jendeak barneratutako kontzeptuak, dena aldatu behar zela ustelkeria barruraino sartua zegoelako, aurrerapauso handia emanarazi digute.

Bertze kontu batzuk ere izan dira. Jende askok lehen bazter uzten zituztenak politika eta botoa ematea, orain beste mugimendu batzuetan sartu dira bai Estatuan baita Nafarroan ere, eta horrek hemen ere eragin handia eduki du. Emaitzetan argi ikusten da. Belaunaldi berri bat sartu da politikan memento honetan.

Argi dago ustelkeriaren salaketak zeresan handia eduki duela aldaketan. Une zailak ere igaro dituzue. Gorenak dieten auzia artxibatu zuelarik, etsipenean erortzeko tentaziorik izan al zenuten?

Guk gure lanaren neurria ez dugu jartzen tribunaletan egiten den bidearen arabera, baizik eta kalean izaten den erantzunaren arabera. Eta guk hiru manifestaziora deitu genuen. Lehendabizikoan jada oso harro sentitu ginen, ikusi genuelako jendea gure mezua barneratzen ari zela. Baina hirugarrenean ikusi genituenean 35.000 pertsona kalean, erran genuen, bueno, jada berdin du, hemen aurrerapauso ikaragarria eman da, eta honek bere eragina izanen du. Memento horretan konturatu ginen. Legalki ate guztiak itxi zituztenean, hori argi genuen.

Gainera une honetan badugu itxaropentsu egoteko arrazoi bat. Guardia Zibilaren zerbitzuek baimena eskatu dute 2005etik aurrera Nafarroako Kutxak izan dituen 18 kontseilarien ondasunak ikertzeko. Tartean Miguel Sanz, Enrique Goñi, Alvaro Miranda eta Roberto Jimenez daude. Epaileak baimen hori eman du. Guk badakigu epaileak ez daudela ez gure zerbitzura ezta gizartearen zerbitzura ere, baina horrek segitzen duen heinean gu pozik eta beraiek urduri, badakite-eta zer duten eskuartean, eta beldur dira hori aterako den. Kezka horrekin bizi dira.

Ardura penalak ez, baina ardura politikoak larrutik ordaindu dituztela uste duzue, beraz.

Bai, dudarik gabe. Baina segitu behar dugu. Lehendabiziko pauso bat eman dugu nafar gizartean ustelkeriaren aurka, baina hori gorpuzteko bitarteko gehiago behar dira. Lehengoan proposatu genuen Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordea berritzeko, eta oraingo Gobernuak zerbitzu berezi bat antolatzeko ustelkeriaren inguruan. Kontuz-eko jendeak lan horretan aritzeko gure babes osoa eskaini genuen. Uste dugu ustelkeria kapitalismoaren barnean dagoen zerbait dela, baina Nafarroan arazoa larriagoa da, ikusita presidente guztiak bat ez ezik agertzen direla ustelkeria kasuetan, ez badira kartzelan barna ibiliak onartuta diru lapurretak egin dituztela.

Foru Administrazioaren diru kontuen auditoria egiteko ere eskatu duzue.

Behar-beharrezkoa da. Orain inork ez daki zer nolako zorretan gabiltzan. Inork ez daki zertan erabili den dirua, eta dakizkigun zenbait gauza ikaragarriak dira ikusteko noraino iritsi diren jende hauen egiteko moduak. Hartzen badugu EHNren salmenta, Logroñoko autobidea, Aratzurin hutsik duten 18 milioi euroko industria-nabea, ikusten dugu zenbat diru bota duten. Eta pentsatzekoa da diru horren banaketan parte hartu dutela batzuek eta besteek. Hori dena argitu behar da, bestela horrelako gizarte batean ezin baitaiteke aurrera egin. Kanpainan alderdi guztiek erran dute gardentasuna nahi dutela. Hori dena behar beharrezkoa da. Tourrean bezala, zuk ezin duzu hurrengo etapan parte hartu lehengoa ez baduzu amaitu. Eta guk lehengoa garbitu behar dugu dena, hurrengoan parte hartzeko berriz berrituta.

Zirriborratzen duzun panorama horretan, non geratzen da Kontuen Ganbera?

Beraiek txostenak egiten dituzte eta horretan geratzen dira, baina horrekin ez da aski. Beraiek erran dute behar baino 500 milioi gehiago gastatu direla Logroñoko autobidean, baina horretan geratzen da. Hori aurrera eramango duen talde legala eta soziala antolatu behar da. Txostenak zer erraten duen jakite hutsarekin ez dugu deus egiten. Horretarako behar dugu guk batzorde bat eraginkorra izango dena, salaketak jartzen ahalko duena, eta jendea ere mobilizatuko duena. Kontuen Ganbera oso lan txukuna egiten ari da, baina horren ondorioz hemen ez da deus argitu. Zenbait gauza jakin ditugu, batez ere egunkariak irakurri ditugunok, baina besterik ez. Hori gainditu egin behar da. Guk garbitasuna eta garaipena lortuko dugu gizarteari jakinarazten badiogu zein den egungo egoera eta nola aldatzen ahal dugun etorkizun hobea edukitzeko.

Eta panorama berri horretan, non geratzen da Kontuz?

Ideala izango zen gu negutegian sartzea, guk boluntarioki eta militanteki egin dugun lan hori orain metodo instituzionalizatu baten bidez egitea, ofizialtasunetik hartua izan dadila. Horretan dago gure asmoa. Guk ez dugu txiringitorik nahi. Hori gabe ederki bizi gaitezke gu. Gure lana militantea, fuertea, gogorra izan da. Guk bizitako kezka hori beste batzuek hartu behar dute, beste modu batera, ustelkeria gure gizarte honetatik baztertzeko.

Oro har, gizarte mugimenduek zein rol jokatu behar dute egoera berri honetan?

Bi gauza egin behar dituzte: batetik erne egon, eta bertzetik mobilizatu. Zu Administrazioan sartzen zarelarik gertatzen da kontserbadore bihurtzen zarela, aldaketaren arriskuak beti beldur pixka bat sartzen duelako. Alde horretatik, aldaketaren alde dagoen jendeak Gobernuakoak bultzatu egin behar ditugu. Baina bertzalde batetik botere faktikoak etorriko dira orain alde guztietara ostiak banatzen. Hor gure parlamentariek eta alkateek-eta oso indar gutxi daukate haiek bakarrik, baina herria gibeletik badute mobilizatua beraiek hartutako erabakiak babesten, sekulako indarra izango dute. Gizarte mugimenduek bi lan horiek egin behar dituzte: batetik lagundu, bultzatu, bortxatu beraien programa betetzera; eta bertzaldetik etsaiaren kontra pareta azkar bat eraiki beraiek eraginik eduki ez dezaten gure kudeaketan.

70 urte dituzu. Bizitza osoa eman duzu erregimenaren aurka borrokan. Jakinen al duzu, jakinen al dugu, orain alde jokatzen?

Arestian erran dizut irabazle senik ez dugula, ez dugulako praktikatu. Berdina izango da orain kudeaketan. Horregatik gizarte mugimenduek hor atzean egon behar dute. Hor baditugu zenbait ikasgai bere mementoan ikasi ez genituenak. Orain ikasi behar ditugu abiada bizian. Sinistu behar dugu gu bagarela UPN edo PSN bezainbat. Askok galdetzen dute: jakinen dugu orain kudeatzen? Orain arte kudeatzen izan direnak gu baino azkarragoak izan dira lapurreta kontuetan gaietan, baina horretaz aparte ez dute deus berezirik. Hemen behar duguna da duintasuna, gogoa eta apaltasuna ingurukoen laguntza eskatzeko. Geure burua aldatu behar dugu: berorika, inori ere ez. Gu  gizakiak gara eta denok berdinak gara.

Ivan Gimenezek aurrekoan gure mikrofonoetan zioen ezin dela nafar guztien alde gobernatu. Erabakiak hartzen dituzularik, onuradunak eta kaltetuak izanen direla. Osasun sistema publikoa zaintzeko Opus Deiren klinikara gaixorik bideratzen ez baduzu, etsaiak sortuko zaizkizula.

Horregatik diot gizarte mugimenduek Gobernua babestu beharko dutela. Erasoak leku askotatik etorriko dira, batez ere orain arte sistemaz aprobetxatu direnengandik. Adibidez, UGT eta CCOO. Bosgarren zutabearena eginen dute langile munduan. Horretaz jabetzeko aski da ikustea zein izan den Maia alkatearen azken erabakietako bat: 300 etxebizitza egiteko zorua eman die zuzenean bi sindikatu horiei. Eta horrek ez du inolako justifikazio sozialik, hori bakarrik da negozio kontu bat. Eta diru asko da. Kalkulatzen da 3.000 pezetako gainsaria lortuko dutela.

Orain arte aprobetxatzen aritu diren horiek denak ez dira izango aurkariak baizik eta egiazko etsaiak. Eta zoritxarrez badute hedabide bat beraien lana babestuko duena. Hor ere zerbait egin beharko dugu. Ez da posible hori. Beraiek informatu dezakete, baina gezurretan eta tranpetan ez zaie utzi behar. Hori delitua da eta hor buru belarri sartu beharko dugu.

Eta pazientzia izaten jakinen al dugu? Hamarkadak eta hamarkadak daramatzagu aldaketaren zain.

Azkeneko hilabete eta egun hauetan, horren inguruan hausnarketa sakon eta handi bat egiten ari gara. Badakigu orain lau urteko epea daukagula pausu batzuk emateko, baina denak erraten ari gara hemengo egoera aldatzeko askoz ere urte gehiago beharko direla. Lehendabiziko eskailerak igotzen ari gara. Baina gauzak ongi bideratzen baditugu, izango dugu aukera. Guk eskaintzen duguna da kudeaketa bat nafar guztien ondasunak eta ongizatea lortzeko eta banatzeko. Horrekin guk jakinarazi behar diogu biztanleriari beren onerako ari garela. Gu ez gara ari ez dakit zer nahi dugulako. Gu ari gara gizarte solidarioagoa, hobea lortzeko. Eta gizartea kutsatu behar dugu gure asmo horrekin. Hor badugu lan handia eta uste dut, eta uste nahi dut, hori egin dezakegula, zuzen jokatzen badugu. Oker jokatzen badugu, gure errua izango da eta ez dugu lortuko.

Gipuzkoako erakundeetan azken lau urteotan gertatu den horretatik irakaspenik atera al duzu?

Bai, bai, jakina. Egunkariak ikusita konturatzen zara. Gaur egunean fabriketan eta ekoizten den lekuetan problema ez da produzitzea baizik eta saltzea. Produzitzen duzuna ongi badago baina ez baduzu ongi saltzen, jai duzu. Hemen gertatu dena da etsaiek bitarteko guztiak jarri dituztela gu salatzeko, eta gertatu dena gertatu da.

Dena den, fokua zabaltzen hasita, Bizkaira ere begira dezakegu. Eta hor gertatu dena lotsagarria da. Bilbao ahaldun nagusi ohia jarri dute Kontuen Epaitegian. Berak badaki zeintzuk diren ebasten, eta berak erran dielarik, zaudete trankil nik ez zaituzten salatuko. Hori berak erran zuen, ez duela memoriarik idatziko, berak ikusi duela dirua nola ibiltzen den baina ez duela salatuko, trankil ibiltzeko tranpak egin dituztenak. Duintasun pixka bat sikiera. Nik ez dut erraten Podemoseko norbait jarri behar dutenik, baina horrela zikindu ez den norbait jar dezatela. Ustelkeria gure sistemaren eta kudeaketaren parte bihurtu da. Horren aurka egiteko alimaleko lana dugu. Bizkaitarrekin, gipuzkoarrekin, arabarrekin solidarioak gara. Han ere zerbait egin beharko lukete etxe zikin horiek garbitzeko.

Baina ni hemen oso itxaropentsu nago, ikusten dudalako orain arte sinestezina zen zerbait, mirakulu bat izan delakoz. Eta zergatik ez ditugu gehiago izango?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!