Euskarazko haur eskolen aurkako epaiak hizkuntza eskubideen "urraketan sakontzen" duela salatu du Sortzenek

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 13a, 14:20

Nafarroa osoan euskara ofiziala izateko "garaia" dela aldarrikatu du eta, bide horretan, bat egin du kontseiluak larunbatean, 12:00etan, deituriko manifestazioarekin. 

Bi haur eskolatan euskarazko lerroa ezartzea legez kanpokotzat jo du Nafarroako Auziteagiak, eta hori "kolpe bat" dela salatu du Sortzen elkarteak, prentsa ohar baten bitartez.

"Gaurkoan Nafarroako Auzitegi Gorenak kolpe bat eman dio Iruñeko bi haur eskolatan euskaraz ikasteko eskubideari. Udalak adostutako aldaketaren eta Iruñeko bizilagunek urte luzez aldarrikatutakoaren aurkakoa da epaia, eta atzerapausoak hizkuntza eskubideen urraketan sakonduko luke".

"Sistema eta legea" euskara gorroto duen "erregimenarena" dela eta "hori bota eta beste bat eraiki ezean", aurrerapausoek "erregimenak ongi diseinatutako mugekin" topatuko direlakoan dago Sortzen. 

Haur eskolen epaiaz gainera, zerrenda bakarra "bertan behera uzteko arriskua" eta NUPen euskarazko gradu bakarra dagoela gogorarazi ditu. 

Autobus geltoki zaharretik aterako den manifestaziora joateko deia zabaldu du Sortzenek: "Bete dezagun Iruñea 'Euskaraz bizi nahi du' aldarriz". Eman bide euskarari, berdintasunaren alde leloa du Kontseiluak deituriko mobilizazioak eta 12:00etan abiatuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!