Euskarazko haur eskolen aurkako epaia"harrigarri eta kontraesankorra" dela uste du Asironek

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 12a, 21:01

Epaiari helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari direla gaineratu du alkateak. Udal Gobernuko lau indarrak bat eginik ageri dira lasaitasun mezua zabaltzeko. 

Iruñeko Udalaren esku dauden haur eskoletan euskarazko ereduak ezartzea baztertu zuen epaia berretsi egin du oraingoan Nafarroako Justizia Auzitegiak. Auzitegi horrek berretsi du, Udalak nabarmen aldatu zuela udalaren hezkuntza eskaintza. 

Justizia Auzitegi horretako Administrazioko Salak konfirmatu du epaia. Haur eskoletako ordenazioa eta planifikazioa aldatu zituen eta ez zen aldaketa txikia izan bakarrik. Udalak reordenazioaz hitz egiten zuen, baina, hori egitetik urrundu direla uste du Auzitegiko Aretoko sailak.

Hamabi haur eskolaren kudeaketaz arduratzen da udala eta horien artetik bostetan egin zituen aldaketa nabarmenak, besteak beste, eredu linguistikoa. Eta hizkuntza aldaketaren eskumena ez da Iruñeko Udalarena, baizik, Hezkuntza departamentuarena. Besteak beste epai horretan adierazten duten bestea da, euskarazko plazak asko handitu zirela: 164 izatetik 408 izatera pasa ziren eta 225 plaza kendu zituzten gaztelaniazkoak edo gaztelania eta inglesa zituztenak.

Hartara, lehengo egoerara itzultzeko eskaera egin du berriz ere epaitegiak.

Epaia ezagutu eta berehala, presazko agerraldia egin du Iruñeko Udaleko gobernu taldeak. Han izan dira Joseba Asiron alkatea eta lau talde politikoetako ordezkariak. "Iaz hartutako erabakiari eta eginiko aldaketei irmo eutsiko diegu", azpimarratu du Hezkuntza zinegotzi Maider Belokik: "Udalera heldu ginenean, bi eskolatan soilik eskaintzen zen euskarazko lerroa, eta biak auzo berean zeuden. Udalak 30 urte zeramatzan eskaintza hori aldatu gabe. Guk planteamendu osoagoa eta orekatuagoa egin genuen, eta hori berretsi nahi dugu".


Joseba Asiron alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die haur eskoletako familiei, eta nabarmendu du epaiak ez duela haientzat eraginik izanen: "Dagoeneko bukatua den ikasturte bati eragiten dio soilik epaiak, iazkoari. Salaketa jarri zuten familiei balizko kalteordain bat pagatu beharra, hori izanen litzateke ondorio bakarra, baina horrek ez du aurtengo matrikulazioa baldintzatuko, ezta hurrengo urteetakoak ere".
Alkatearen esanetan, Iruñeko Udalaren zerbitzu juridikoek "harriduraz" hartu dute Nafarroako Auzitegiaren ebazpena, "kontraesankorra" delakoan: "Haur eskolena borondatezko zerbitzu bat izanik, epaileek onartzen dute Iruñeko Udala libre dela eskaintza egiteko ala kentzeko, baina aldi berean, ez diote askatasunik aitortzen borondatezko eskaintza hori moldatzeko. Hori kontraesan bat da".

Asironek gaineratu du epaiari helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari direla udalaren abokatuak uneotan. "Datozen egunetan hartuko dugu erabaki bat".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!