Gaur izanen da 2016ko sanferminetan uztailaren 7an izandako bortxaketaren epaiketaren azken saioa. Bost akusatuen abokatuek ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte. Eta bortxaketa egotzita epaitzen ari diren bost gizonek azken hitza eginen dute epailearen aurrean. Horren ondotik erabakia hartu behar izanen du epaileak. Atzo bezala gaur ere, Nafarroako Auzitegi Nagusian ikusmin handia espero dute. Hamabost egunez itxia izan da epaiketa, eta azken bi egunetan publikoa izan da. 24 herritar eta 46 kazetari sartu ziren aretoan atzoko saioa jarraitzeko. Segurtasun neurriak handiak ziren: ez zuten utzi aretoan gailu elektronikoak sartzen. Gehienez ere, papera eta boligrafoa.
Gaur defentsako abokatuek aurkeztuko dituzte ondorioak. Akusatuek beti defendatu dute sexu harremanak baimenduak izan zirela, emakumeak inoiz ez zuela ezetz esan. Gizonezkoek harremanak baimenduak zirela ebatzi izanak ez du esan nahi deliturik izan ez zenik. Sexu harremanetan parte hartzen dutenen artean "jazarpena" dagoenean, hori sexu erasoa da.