2016ko sanferminetan izandako talde-bortxaketaren epaiketaren azken bi saioei ekin diete gaur Justizia Jauregian. Gaur akusazioek ondorioak aurkeztuko dituzte, eta defentsak gauza bera egingo du bihar.
Goizeko hamarretan hasi da gaurko saioa. Lehendabizi Elena Sarasate fiskalak hartu du hitza, bi orduz. Gertaera onarpenik gabe, baimenik gabe izan zirela nabarmendu du; indarkeriapean eta beldurraraztearekin. Hori berresten duten probak sendoak direla azpimarratu du. Bost akusatuek modu bateratuan jardun ziren eta emakumeak ezin izan zuen aurreikusi bost gizonek eginen zutena. Bortxaketa egin ondoren, emakumea lurrean botata eta ia guztiz biluzik utzi zutela ere esan du.
Fiskalak defendatu egin du emakumearen deklarazioa: sinesgarritasun osoa du. Bost akusatuena ordea, kontraesanez betetakoa. Bostek bazekiten zer ari ziren egiten, esan du.
Sexu erasoa izan zela argi geratu dela gaineratu du fiskalak, intimitatearen aurkako delitua eta mugikorra lapurtzea ere bai. Horregatik, berretsi egin du 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra bost akusatuetako bakoitzarentzat.
Justizia Jauregira heltzean kazetariei egindako adierazpenetan baikor agertu da Carlos Bacaicoa biktimaren abokatua: "Irabazi egingo dugu”, Sentsazio onak dituela esan die kazetariei. Bacaicoak ez ditu bere ondorioak aurreratu nahi izan. Horrez gain, azken bi saioak publikoak izateari buruz duen iritzia galdetuta, "garrantzi gutxikoa" iruditzen zaio, baina berak ateak itxita egitea nahiago zuela aitortu du.
Saioa publikoa izateak ikusmin handia piztu du. Aretoak edukiera mugatua du, eta hori dela, ilara sortu da Justizia Jauregiaren aurrean, sartu ahal izateko. 07:20ean jendea zegoen jada. Aretoa beteta dagoela egiten ari dira gaurko saioa.
46 kazetari eta 24 herritar daude aretoan. Argazkilariek eta kamerariek ezin izan dute sartu, eta epaimahaiak neurri zehatzak hartu ditu grabazioak saihesteko. Hala, auzi aretoan ezin izan dira audio edota bideorik graba dezakeen edozein gailu elektroniko (sakelakoak, ordenagailuak, tabletak, erlojuak, grabatzaile, boligrafo digitalak, betaurrekoak..) sartu. Kazetariei arkatzak edo boligrafo sinpleak eramatea aholkatu diete, oharrak hartu ahal izateko. Ezarritako debekuak betearazteko foruzainak daude aretoan.
Hori gaurko saioari dagokionez. Bihar, defentsen txanda izanen da. Agustin Martinez Becerra, bost akusatuetatik hiruren abokatuak esan duenez, "beldur" da akusazioek euren hasierako idatzietan esandakoa "berrestea, 10 egunotan gertatu denari jaramon egin gabe. Abokatu horren ustez, biktimaren deklarazioa "nahikoa argia izan zen, harremanak bortxazkoak izan ziren baztertzeko".
Epaiketa joan den azaroaren 13an hasi zen. Egun hartako saioan bost akusatuek errugabetzat jo zuten euren burua, eta horietako batek onartu egin zuen bortxatutako emakumeari sakelako telefonoa lapurtu izana.
Azaroaren 23ra bitartean hainbat lekukok eta poliziek deklaratu dute, ateak itxita, eta zenbait polizia-txosten erakutsi dituzte.
Ministerio Fiskalak, akusazio partikularrak eta herri-akusazioak akusatuentzako espetxe-zigorrari eutsi diote; defentsak, berriz, akusatuak aske uztea eskatu du, eta horietako baten defentsak, gainera, epaiketa baliogabetzea eskatu du, "oinarrizko eskubideen urraketagatik".
Ministerio Fiskalak gaur 22 urte eta 10 hilabeteko espetxealdia eskatzea espero da; akusazio partikularrak, 24 urte eta bederatzi hilabete; eta herri-akusazioak (Iruñeko Udaletxeak eta Nafarroako Foru Erkidegoak), 25 urte eta bederatzi hilabete.