Aste erabakigarria izanen da talde bortxaketaren epaiketan. Asteazkenean bost akusatuek deklaratuko dute epailearen aurrean eta azken bi egunetan, ostiralean eta heldu den asteko astelehenean ate irekiekin emanen dituzte epaiketaren ondorioak eta deliberazioak.
Bien bitartean, gaur goizeko 10etan ekinen diote epaiketari. Bortxatua izan zen emakumea artatu zuten medikuek hitz eginen dute epailearen aurrean. Espainiako Poliziako agenteek ere deklaratuko dute gaur: beraiek arduratu ziren bortxaketa izan zen atariko aztarnak eta DNA frogak.
Asteazkenean entzunen ditu epaileak akusatuak
Bihar defentsaren abokatuen txanda izanen da eta epaitegiko peritu forentseena ere bai. Asteazkenean, lehen aurreratu bezala bost akusatuek deklaratuko dute epailearen aurrean. Lehen epaiketaren egunean aurreratu zuten errugabetzat joko dituztela euren buruak, sexu harremanak emakumearen onarpenarekin izan zirela. Bost akusatuetako batek onartu zuen emakumeari mugikorra lapurtu ziola.
Ostegunean akusatutako bosten lagunek deklaratuko dute eta emakumearen lagun batek ere bai, bortxaketa izan zen atariaren barrura sartu aurretik deitu zion lagunak hain zuzen ere.