Publikoak izanen dira azken bi egunetako epaiketaren saioak. Hala erabaki zuten atzo epaimahai kideek. Hiru akusatuetako defentsak eskatu zuen epaiketa ate irekiekin izan zedila, eta, alde guztiek onartu zuten eskaera hori. Hala, tribunaleko magistratu baten kontrako botoarekin onartu egin zen ate irekiekin azken bi saioak egitea.
Deliberazioak eta azken erabakiak emanen dituzte azken bi egunetan, eta, azken deklarazioak eginen dituzte bost akusatuek. Alde guztien azken konklusioak ere entzunen dira bi egun horietan. Kazetariek aukera izanen dute bertatik bertara segitzeko, baina ez grabaziorik egiteko.
Ateak irekita egiteko erabakia
Bost akusatuen defentsak aurkeztutako froga batzuetatik eratorrita dator epaiketa ate irekiekin egiteko eskaera. Akusatuen defentsa horrek proba gisara aurkeztu zuen dokumentu bat detektibe batek egina. Biktimari, bortxaketa jasan zuen emakumeari espioitza egin ondoren, sare sozialetan egiten zituenen berri jaso zuen txosten horretan. Epaileak onartu egin zuen proba gisara. Beste txosten batzuk, berriz, ez ditu onartu epaile horrek: bortxaketa egin aurretik bost akusatuek whatsap talde batean egindako baieztapenen inguruko informazioa edota Kordoban lehenago akusatu horietako batzuk egindako beste sexu eraso baten inguruko bideoa.
Sanferminetan izandako bortxaketa
2016ko uztailaren 7an emakume bat bortxatzeagatik epaitzen ari dira bost gizon Nafarroako Justizia Auzitegian. Emakumeak berak jarri zuen salaketa eta bideo bat ere badago bortxaketa hori nola izan zen erakusten duena. Bideoa, ustezko bortxatzaileek eurek grabatu zuten mugikorrarekin. 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du gizon bakoitzarentzat fiskalak.