Bost gizon epaituko dituzte gaurtik aurrera iazko sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 13a, 08:05

>22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak ustezko bortxatzaile bakoitzarentzat.
>10:00etan hasiko da gaur epaiketa eta azaroaren 24an amaituko da. 
>Andrea-Lunes Lilas elkarteak agerraldia eginen du epaiketa horren harira euren ikuspuntua azaleratzeko. 

Bost gizonezko, tartean Guardia Zibil bat eta militar bat, epaituko dituzte gaurtik aurrera Nafarroako Justizia Epaitegian iazko sanferminetan taldean emakume bat bortxatzeagatik. 10:00etan hasiko da epaiketa eta goizez ariko dira deklarazioak hartzen eta bestelako probak jasotzen azaroaren 24ra arte. Ate itxiekin eginen da epaiketa guztia emakumearen intimitatea babesteko asmoz. 

Gaur bost akusatuei eginen zaie galdeketa. Bihar izanen da emakumezkoak, biktimak, hitz eginen duen eguna. Hortik aurrera probak jasoko dituzte epaiketako sala horretan eta Foruzaingoak, Udaltzaingoak eta lekukoak ere entzunen dituzte. 

22 urteko espetxe zigorra akusatu bakoitzarentzat

Hiru delitu leporatzen dizkiete bost akusatuei: eraso sexual iraunkorrarengatik 18 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak euretako bakoitzarentzako; 500 metro baino gertuago ezin izanen dira izan emakumearengandik; biktimarekin ezin izanen dira komunikatu 20 urtean eta espetxe zigorra bete ondoren 10 urteko zaintza izanen dute. Intimitatearen aurkako delituarengatik gainera, 2 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte eta 5.409 euroko isuna ezartzen diete horregatik. Lapurreta egiteagatik beste bi urteko espetxe zigorra da eskatzen duena fiskalak haientzat. Biktimari egindako min moralarengatik 100.000 euroko kalte ordaina ordaintzera behartuko die eta Nafarroako Osasunbideari 1.531,37 euroko kalte ordaina ere bai. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!