"Zerga sistemaren berdintasun eta progresibotasunean aurrera egin nahi dugu, zerga presioa modu nabarmenean igo gabe", hala hasi da hizketan Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria. Aldaketak iragarri ditu zergetan. Eta horri esker Gobernuak diru iturri gehiago izanen dituela aurrekontu orokorretan erabiltzeko. 2018rako 9 milioi euro gehiago biltzea aurreikusi du Aranburuk, 2019an hemezortzi milioi euro gehiago izatea espero du.
Norbanakook, sozietateek eta enpresek ordaintzen dituzten zergen artean, aldaketetako batzuk azpimarratu ditu Aranburuk. Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan, seme-alaba bakoitzeko kenkaria handitu egin da. Hiru urte baino gutxiago duen haur bakoitzeko 100 euroan.
Sozietateen Gaineko Zergari dagokionez, onura fiskalak soiltzeko sailkatzea egin dute. Hau da, ez du berdin ordaindu beharko ikerketan edo berrikuntzan inbertitzen duenak, horrek, onurak eragiten dituelako bueltan gizartera.
Diskriminazio positiboa emakumeen kontratazioagatik
Kalitatezko enplegua sortzen segitzeko konpromisoa beretsi du gaur Aranburuk. Eta gainera, kalitatezko lanpostu bat emakumeei eskaintzeagatik kenkaria handitu eginen zaie. Hala, 5.000 euro arteko kenkaria izanen dute emakumezkoak kontratatzen dituzten enpresek, hori bai, gutxieneko batzuk bete beharko dituzte: behin betiko lan kontratuak izan beharko dira eta gutxieneko soldata batekin. Gizonen kontratazioen kasuan kenkaria 2.500 eurokoa izanen da.
Herentzian jasotakoagatik, gutxiago
Herentzian jasotzen denerengatik ere zergetan ordaindu behar izaten da. Bada, lehen mailako kasuetan, hau da, gurasoek seme-alabengan uzten duten herentzietan 250.000 euro arte ez da deus ere ordaindu beharko,. Orain arte, %0,8a ordaintzen zen. Eta 250.000 eurotik gora, mailakatua izanen da ordaindu beharrekoa %16ra arte 3 milioi euroko herentzietan. Donazioen kasuan, 250.000 arte %0,8koa izanen da ordaindu beharrekoa, eta hortik aurrera mailakatua %8ra arte.
Iruzurrari eta zordunei aurre egin
Iruzurrari aurre egiten segituko du Ogasun departamentuak. Eta hala, handitu eginen dira iruzur egiten dutenei ezartzen zaizkien zigorrak. %75etik %90era.
Eta iaz egin zen bezala, beste behin ere zordun handien zerrenda argitaratuko dela berretsi dute. Iazko zerrendan 500dik gora zordun handi ageri ziren. Eta hemendik aurrera 120.000 euro baino gehiagoko zordunak agertuko dira zerrendan, orain arte 250.000 eurotik gora zutenak agertzen ziren-