1978ko sanferminetan gertatutakoa ikertzeko Egiaren Batzordea sortuko du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 3a, 09:13

German Rodriguezen hilketa eta orain dela 40 urteko uztailaren 7 horretan jazotakoak ikertzeko batzordea eratzea onartuko du udalak, laukoaren botoekin; kontra azaldu dira UPN eta PSN.

Urtea amaitu baino lehen, hezkuntza, justizia eta hezkuntza munduko adituek osatuko dute batzordea, "egian, justizian eta erreparazioan" oinarritutako prozesua garatu eta 1978ko sanferminetako uztailaren 7an gertatutakoa argitzeko, izan ere, "giza eskubideak urratu ziren". 

Sanfermines78 gogoan plataformak karrikaratutako manifestuarekin bat egin du udalak -90 herri eragilek ere sostengua eman diote-. Horrez gainera, plataformak monumentu bat jarriko du entzierroaren ibildearen inguruan; udalari eskatu diote baimena emateko oroitarria paratzeko, ez ordea ordaintzeko, hori plataformak hartuko dute beregain. Bestalde, udalak konpromisoa hartu du heldu den urtean 1978ko biktimei omenaldia egiteko. 

Isiltasuna eta inpunitatea

"40 urte izan dira isiltasunean eta inpunitatea" esan du Ramon Contreras Sanfermines 78ko kide eta poliziak eraildako German Rodriguezen lagunak.

EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak babesa eman diote herri ekimenari. Kontra azaldu dira UPN eta PSN. PSNk ez du babestu Sanfermines78 gogoan plataforma babestea "diskriminatzailea" litzatekeelako "beste herri ekimenekiko". UPNk esan du ez duela sinesten "proposamen inuxentea" denik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!