“Azken urteotan gai honen inguruan emandako urrats positiboak (desagertzeak, krimen frankistak...) alde batera utzita, orokorrean, SF78ari dagokionez, gauzaturiko politika isiltasunaren, ahanzturaren eta inpunitatearen babesarena izan da", esan du Amaia Kowaschek. Horregatik, "egia, justizia eta ordaina" lortzeko erakundeen "konpromiso zehatzak" behar direla aldarrikatu du Sanfermines 78 gogoan plataformak.
Germanen erailketa "eraso polizial basatia" izan zela, eta "aldez aurretik pentsatua" zegoela ere salatu dute. Horrez gainera, gogoan izan dute "erasoa jasandako inori ez zitzaiola egia errekonozitu, ez zitzaiola ez justizia ez ordainik eman". "Justiziak beste aldera begiratu zuen eta inpunitatea erabatekoa izan zen", adierazi du Kowaschek.
Eskaera zehatzak
Egiaren Batzordea sortzea, "haien eragileei eta haietatik etorritako erantzukizunei buruzko diktamena emateko" eta "eraso horren biktima guztiak ofizialki errekonozitzeko". Horiek dira egindako bi eskaera zehatzak.
Bi ildo izanen ditu kanpainak: bat, instituzionala, hainbat ekimen garatuko dituzte Iruñeko Udalean, Nafarroako Gobernuan, Foru Parlamentuan, Estatuko Kongresuan eta Europako Parlamentuan; eta, bi, gizartea sentsibilizatzeko jarduerak egitea.
Anzerkiak, bertso emanaldia, zinema...
Honako hauek dira gizartea sentsibilizatzeko prestatuko dituztenak: zinema zikloa, gaiari buruzko antzerki lana, argazki eta ikus-entzunezko erakusketa, bertsolaritza, karrikako jarduerak, kontzertuak, hitzaldiak eta mahai-inguruak. 2018ko uztailera bitarte gauzatuko dituzte ekimen guztiak.
Kanpainari hasiera emateko, Trantsizioko beste biktimak jardunaldiak eginen dituzte: dokumental ziklo bat izanen da eta erakusketa baten aurkezpena, Kondestablen, azaroaren 22, 23 eta 24an.