Unzuko hotelaren kontrako protesta egin dute Alde Zaharreko auzokideek

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 20a, 09:14

Merkaderesen dagoen Unzu etxean hotela eraiki nahi du multinazional batek, eta, horregatik, protesta egin dute hainbat bizilagunek, turismo mota hori "sostengarria" ez dela eta auzoaren "saturazioa" salatu dituzte.

"Ez dago eskaririk gisa horretako instalazio batentzat; honek sortuko luke eskaria eta oso problematikoa izan daiteke auzoarentzat, turismo sostengarria nahi badugu. Honek ez dio mesederik eginen auzoari", esan du Alde Zaharrean Bizi elkarteko Javierrek, Ahotsa.info-k egindako bideoan. 

"Nahikoa arazo badugu astebururo 300 pertsona ezkontza aurreko agur-ekintzetan egonda", gaineratu du. "Ezkerrekoa den udal batek ez luke gisa horretako multinazional baten lokala onartu beharko. Negozioa egitera datoz; merkantilizazio prozesu bat da". 

Heldu den astean, hilaren 26an, ostegunarekin, elkarretaratzera deitu dute, Unzuko hotelari ez, Alde Zaharra ez dago salgai lelopean.

Zein da proiektua?

2007an itxi zuten  Unzu eta ordutik ez ditu pertsianak igo. Orain, Vive Unzu izeneko proiektuarekin berriz irekiko du eraikin historikoa Serypro sustatzaileak: hamar denda zabalduko dituzte, bai eta 277 plaza izanen dituen hotel bat ere, eta etxebizitza hainbat.

6.621 metro koadro dauzka lokalak eta egitura "ahalik eta gehien" mantentzen ahaleginduko dira sustatzaileak, adierazi dutenez; gainera, aurrekaldeak babestuta daude, historikoak dira-eta. 

Momentuz, obra lizentzia eskatu du Serypro sustatzaileak.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!