Ekainean erabaki bera hartu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak: TRW enpresak egin zituen kaleratzeak, 123, legez kanpokoak dira. Hori bera berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak. Dio, besteak beste, multinazionalak ez zuela ekonomia, produkzio edo antolamendu arloko arrazoirik eman. Gainera TRWko langileen ordezkariak kaleratzea baliogabetzeko eskatu zuten, baina Nafarroako Auzitegiak atzera bota zuen eskaera hori. Gorenak ez ditu aintzat hartu helegite guztiak, eta, horrenbestez, berretsi egin du iazko epaia. Epaia hurrengo egunotan zabalduko dute osorik.
Iaz hasitako buruhaustea
2016ko urte hasieran hasi zen sortzen benetako kezka: TRWk lan hitzarmenaren negoziazioen prozesu hasieran, iragarri zuen 250 langile kaleratzeko espedientea aurkeztuko zuela. Enpresa batzordeak aurre egin zion mehatxuari eta elkartasun handia jaso zuen Nafarroan. Hala ere, multinazionalak otsailean ezagutarazi zituen bere asmoak: lanaldia igotzea eta soldata izoztea proposatu zuen, eta kaleratze kopurua 123ra jaisteko prest agertu zen. Kontra azalduz gero, 250 langile kaleratuko zituela mehatxatu zuen. Azkenik, otsailaren 23an ezbai zail horren aurrean, TRWko 650 langileetatik 327k enpresaren proposamenaren alde egin zuten. Sindikatuek auzitara jo zuten, eta Gorenak erdizka eman die arrazoia orain.