Bideragarritasun arazoak argudiatu zituen AEBetako multinazionalak 123 langile botatzeko. Epaitegiak ebatzi du TRWk ez duela inolako arrazoirik mahaigaineratu "ekonomiari, antolaketari eta ekoizpenari" lotuta. urte hasieran lan erregulazio espedientea aurkeztu zuen enpresak eta bertan zioten Landabengo lantegiak 55,77 milioi euroren galerak izan zituela azken bost urteetan.
Etekinak izan ditu azken bost urteotan
Plantaren egoera "larria" zen, haren esanetan, eta "egoerak behartuta" aurkeztu zuten dosierra. Edonola ere, urteotako irabaziak eta galerak aztertuta, TRWk azken bost urteotan etekinak lortu zituela nabarmendu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, eta arrazoia eman die langileei. Azken urtean, gainera, negozio bolumena handitu zuela oroitarazi du. Auzitegiari, oro har, "gaitzesgarria" iruditu zaio TRWko zuzendaritzak negoziazioan izandako jarrera, hark erakutsitako "gailentzeko grina" ez delakoan uztargarria kaleratze kolektibo batekin. Langileen ordezkariak "ahultzen" saiatu zela erantsi du, kontsulta epea "edukiz hustea" erdietsi ez bazuen ere.
Iruñean 123 langile kaleratzeko dosierra kosta ahala kosta onarrarazi zien multinazionalak langileei. Apirilaren 29az geroztik, 101 jada kalean dira, baina oraindik beste kaleratze sorta bat geratzen da espediente osoa burutzeko: beste 22k abendu amaieran utziko dute enpresa, 123 izan arte. Bi hilabete geroago, fabrikan geratzen diren 520 langileen udako oporrak ordezkatzeko, 189 behin-behineko kontratatzeko asmoa agertu du TRWk berriki. Proposamena "adar jotze bat" iruditu zaie ELA eta LAB sindikatuei, eta dosierra "gezur handi bat" izan zela salatu dute. Sindikatuek jarritako salaketaren harira iritsi da auzia epaitegira eta orain multinazionalak helegitea jar diezaioke epaiari.