"Oso positiboa" da Hatortxu Rock jaialdiak egindako balorazioa, "ahaztezina" izan dela azpimarratu dute, "elkartasun, aldarrikapen eta jai egunak" izan direla, bai eta "milaka pertsona" bildu direla egunero Lakuntzan: "Giro aparta sortu dugu guztion artean".
"Gauza ikusgarriak" erdietsi dituztela deritzo jaialdiak. "Askotan eztabaida zoroetan galtzen gara gure artean eta aldiz, elkarlanean aritzen garenean gauza ikusgarriak lor ditzakegula erakutsi dugu beste behin. Denon artean lortu dugu Hatortxu Rock 20 hau herri honen memoriaren txoko batean gordetzea eta eskema bera jarraitu beharko genuke herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko. Hasteko, etxean falta ditugun guztiak gure artera ekartzeko. Garaipen sentimendu handi batekin bukatu genuen Hatortxu Rock 20, baina Kepa del Hoyo euskal preso politikoaren heriotzak erakutsi digu dena dagoela egiteko. Ez dugula galtzeko betarik. Denak etxean behar ditugula eta ez etorkizuneko data batean, gaur baizik".
Eraso sexistak, "intentsitate baxukoak"
"Kezka baino gehiago, gure haserrea adierazi nahi dugu beste gai batengatik. Intentsitate baxuko eraso sexista batzuk salatu dira, baita eraso lesbofobo bat ere. Batzuk, bai, baina bat bakarra gehiegizkoa da. Eraso hauek direla-eta bi pertsona kanporatu genituen. Hatortxu Rock denontzako esparru segurua izatea nahi dugu eta beraz, ez zarete ongietorriak. Izan argi parean aurkituko gaituzuela. Eraso hauen berri salaketa eta laguntza telefonora jo zutelako izan genuen. Honek ez du esan nahi eraso gehiagorik egon ez denik. Gizarte guztiaren ardura da emakumeek pairatzen duten eraso sexistekin amaitzea". Horra Hatortxutik egindako irakurketa.
Garbitasuna, beste arazoetako bat
"Puntu honetan kezka bat adierazi nahi dugu. Garbitasuna. Akanpalekua zabortegi handi baten antzera geratu da. Badakigu Hatortxu Rock 20 eremu handian egin dugula. Saiatu gara zaborrak biltzeko ontziak jartzen, baina ez gara dena ongi egokitzera iritsi. Garbitasun txandek ahal izan duten guztia egin dute, baina akanpalekuan sortutakoari ezin izan diogu aurre egin. Hala ere, astelehenetik lan bikaina egin dute boluntario askok eta garbi itzuliko dugu lursail hau ere. Dena den, zera azpimarratzea gustatuko litzaiguke: Etorkizunean herri hau eraiki nahi baldin badugu, ingurugiroa zaindu beharra daukagu. Errespetuak balore garrantzitsua izan behar du eta bai natura zein albokoa zaintzea ezinbestekoa izanen da. Akanpalekuak edo parkinak ezin dira horrela utzi".
Irakurketa osorik irakur daiteke Hatortxuren webgunean.