1999an ospatu zen lehendabizikoz Hatortxu Rock elkartasun jaialdia, Berriozargo frontoi txiki batean, lau lagunen ekimenez. Bi xederekin: euskal preso politikoek, iheslariek eta deportatuek bizi zuten egoera salatzea, eta dispertsioak kaltetutako senideei gastuak arintzea. Geroztik, jaialdiak bilakaera izugarria izan du. Hazten joan da urterik urte. Hiltzeko jaio zen Hatortxu Rock, baina aurtengoa jada hogeigarren edizioa izan da. Horrek esan nahi du sakabanaketa politikak indarrean segitzen duela eta horregatik jarraitzen dutela Hatortxu antolatzen.
Hori bai, hogeigarren edizioa mugarri izatea nahi dute antolatzaileek. Horregatik, lau eguneko jaialdi erraldoia prestatu dute, marka guztiak apurtu, eta mahai gainean kolpea emateko. Edizio berezi honek Lakuntza izan du egoitza, 2009ko edizioa ere bertan ospatu zen, eta, orduko hartan, jaialdiaren antolatzaileak oso pozik gelditu ziren herritarren erantzunarekin. Bada, oraingoan sentipen bera izaten ari dira. Hala dio, bederen, Aitor Agirrezabalek, Hatortxu Rockeko antolatzaile eta boluntarioetako batek.
6.718 boluntario aritu dira lau egunotan lanean, 84 musika talde izan dira oholtza gainean eta milaka izan dira Lakuntzara elkartasun olatu hori sortzera hurbildu direnak.
Atzo, Hatortxurocken hogeigarren edizioa amaitzear zela hitz egin genuean Euskalerria irratian Aitor Agirrezabalekin. Entzun dezagun: