Altsasuko gazteei elkartasuna adierazi diete 51 europarlamentarik

Euskalerria Irratia 2017ko uzt. 3a, 08:54

Ostatuko liskarra izan zena "terrorismo delitutzat" hartu ezin dela adierazi dute herrialde askotako talde politikoek. Bruselan egon dira atxilotuen senideak, gertatutakoaren berri emanez.

Babesa, Bruselatik ere. 51 europarlamentarik sostengua adierazi diete Altsasuko auziaren harira kartzelaratutako gazteei, senideak Europako Parlamentura joan ostean kasuaren berri emateko. Ostatuko liskarra "terrorismo delitua" ez dela azpimarratu dute.

Kasua epaitzeko "proportzionaltasun, justizia eta zuzentasun printzipioak" nagusi izan daitezen eskatu dute gazteen gurasoek eta terrorismo delitutzat ez hartzeko. Halaber, Iruñeko Instrukzioko 3. epaitegira eskuduntza bueltatzea nahi dute, auzia bertan epaitua izan dadin.

Hamabost estatutako parlamentariak daude sinatzaileen artean (Alemania, Belgika, Txekia, Txipre, Danimarka, España, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Letonia, Portugal, Erresuma Batua eta Suedia) eta bost talde parlamentario: Alianza Progresista de Socialistas y Demócratas taldea (S&D), Conservadores y Reformistas Europeos taldea (CRE), Alianza de los Liberales y Demócratas por Europa taldea (ALDE), Izquierda Unitaria Europea / Izquierda Verde Nórdica taldea (GUE/NGL) eta Los Verdes / Alianza Libre Europea taldea (Greens-EFA).

"Europako Parlamentuan eta zortzi hilabete hauetan behin eta berriz esan dugun bezala, zigorgabetasunik ez dugu eskatzen, ezta aldeko jarrera zehaztea ere. Errugabetasunaren presuntzioa errespetatzea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko ikerketa zehatza eta neutrala egitea, proportzionaltasun eta zuzentasunez jardutea eta epaiketa justua izateko Zuzenbidezko Estatuaren printzipioak eta prozesu-bermeak errespetatzea. Justiziaren alde lan egiten jarraituko dugu", aldarrikatu dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!