Bus transfoboaren aurka protesta egiteagatik isunak jaso dituzte hainbat herritarrek

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 28a, 09:12

Lesbofobia, homofobia eta transfobiaren kontra protesta egitea "funtsezkoa" dela esan dute Ekainaren 28ko Plataformak eta LABek, eta sexu askatasunaren aldeko konpromisoa berretsi dute.

Hazte oir elkarte katoliko eta transfoboaren autobusari ezezko biribila eman zion Iruñeak, eta mobilizazioen bidez erantzun. Orain, herritar hainbati isunak iritsi zaizkiela salatu dute Ekainaren 28ko Plataformak eta LABek. 

"LGTBIQen Giza Eskubideen ukazioa, probokazioa eta ideologia transfoba hedatu nahi zuen gorrotoaren busa geldiaraztea ezinbestekoa zen eta kaletik busa ez ibiltzea administrazio publikoaren eginkizuna bazen ere, zenbait herritar eta militanteek egin behar izan genuen", ziurtatu dute, prentsa ohar bidez.. 

"Gobernu Delegazioak baimendu eta babestu egin zuen bus transfoboa eta ekimen transfoboa salatzera joan ziren hainbat militanteen kontra isunak inposatu ditu. Zehazki LAB sindikatuko hiru kideek pairatu dituzte isun ekonomikoak".

Harrotasun Egunarekin bat

"Euskal Herria anitza, pertsonen arteko harreman parekideak eta diskriminaziorik gabeko jendarte baten alde gauden langile guztiei deia egin nahi diegu aniztasun sexualaren alde borrokan jarraitzeko, honen aldeko sentsibilizazioa areagotzeko eremu guztietan lanean jarraitzeko eta edozein diskriminazio mota salatzeko", adierazi du LABek. Horregatik, gaur, ekainaren 28an, 19:00etan autobus geltoki zaharretik aterako den mobilizaziora bertaratzeko deia zabaldu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!