Madrilekin AHTaren inguruko hitzarmen berri bat sinatzearen alde azaldu dira Geroa Bai eta oposizioko alderdiak

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 6a, 13:48

Argazkia: 'Mugitu!' taldeak AHTaren kontra egindako ekintza. Artxiboko irudia.

"Herrialdearen garapenerako" beharrezkoa dela esan du Geroa Baik, UPNrekin, PSNrekin eta PPrekin lerratuta; kontra azaldu dira EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra.

Espainiako eta Nafarroako Gobernuen artean "hitzarmen berria" behar da, Abiadura Handiko Trena Eraikitzeko -Narroako Prestazio Handiko Trenaren Korridorea izena erabiltzen dute, proiektua ezberdindu nahian-, Geroa Bairen aburuz. Hori dela eta, AHTaren aldeko adierazpena onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak, Geroa Bairen botoekin ez ezik, UPNren, PSNren eta PPren sostenguarekin. Hiruek ondoan izanen dituela esan zioten Exekutiboari; PSNko Maria Chivitek eta UPNko Javier Esparzak, gainera, gaiak laukoaren artean pitzadurak sortu dituela adierazi dute: "Laukoa zatiturik dago gai honetan", esan du erregionalisten bozeramaileak. 

Atlantikoko eta Mediterraneoko korridoreak lotzearen alde egin du deklarazioaren lehen puntuak, Europarekin konektatzeko. Talde guztiek bat egin dute horrekin. Ondokoekin sortu da, ordea, hika mika: "nazioarteko estandarrekin" eraikitako trenbidearen alde egin baitute.

Zuzenketek, biderik ez

Castejon eta Campanas tartea "berrikusteko" galdegin dute, bai EH bilduk bai Ezkerrak ere, zuzenketak aurkeztuta, erdialdea "isolatuta" geratzen delako. Era berean, trena eraiki beharrean, "hirugarren erraila" txertatzeko eskaera luzatu dute. Zuzenketek ez dute biderik egin, dena dela, Geroa Baik ez ditu-eta tramiterako aintzat hartu. "Egokiak" ez direla esan du Martinezek; halaber, deklarazioaren lehenengo bi puntuek "akordio programatikoa hitzez hitz" barnebiltzen ditu, haren aburuz, eta lauko gobernuko kideak ados jar daitezkeela defendatu du.

Kritiko azaldu dira gainontzekoak. "Geroa Baik mantendu duen jarrera akatsa da, akats politiko argia. Ez zegoen inongo beharrik deklarazio hau onartzeko", esan du Adolfo Araizek (EH Bildu), egoera "zuzentzeko" beharra dagoela defendatzearekin bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!