Espetxera bidali dute Blanca Marques hil zuela aitortu duen gizona

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 18a, 07:58

Burlatako udaletxean zenbait parkata zintzilikatu dituzte Blanca Marques gogoratzeko. Arg: @mirenaranoa

> Javier Nietok poliziari aitortu zion emakumeak etxetik joateko agindu zionean itota hil zuela. 
> Epaileak espetxera bidali du 50 urteko burlatarra hilketa egotzita. 
> Elkarretaratzeak egin dituzte: Nafarroako erakunde nagusiak kalera atera dira eta Burlatan bizilagun askok hartu dute parte protestan. 
> Gaur ere hainbat mobilizazio: 19:00etan, gobernuak bilkura eginen du Nafarroako Jauregiaren aurrean. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere protesta eginen du Iruñeko Udaletxeko plazan 20:00etan.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Iruñeko Auzitegiak espetxera bidali zuen atzo Blanca Marquesen bikotekidea, Javier Nierto. Astelehenean atxilotu zuten, Burlatan, emakumea hil eta gorpua Ultzama ibaira bota zuela aitortu ondoren. Epaileak aitortzari zilegitasuna eman dio.

Atzo eguerdian deklaratu zuen gizonak, eta bezperan Espainiako Poliziari esandakoa berretsi zuen epailearen aurrean: "eztabaida gogor baten ostean", bikotekidea hil arte ito zuela. Atxilotuak aitortu zuenez, erasoa larunbat arratsaldean gertatu zen, baina igande goizera arte ez zuen hilotza ibaira bota. 

48 urte zituen indarkeria matxistaren aurtengo bigarren biktimak, Blanca Marquesek. Atzo eguerdian, Nafarroako larrialdi zerbitzuek berriz abiatu zuten haren gorpua aurkitzeko prozedura, baina Arga eta Ultzama ibaien emari handiak eta ur nahasien gardentasunik ezak asko zaildu zituzten lanak.

Kalean salaketa ugari

Nafarroako erakunde publikoek eta eragile sozial, politiko nahiz sindikalek deituta, hainbat mobilizazio izan ziren atzo Iruñean eta Burlatan, hilketa salatzeko. Blanca Marquesen lankideek eguerdian egin zuten elkarretaratzea, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Lehendakariordetzaren egoitzan.

Iluntzean, Burlatako herritarrek protesta isila egin zuten udaletxearen aurrean.

Gaur ere hainbat mobilizazio izango dira: 19:00etan, gobernuak bilkura eginen du Nafarroako Jauregiaren aurrean. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere protesta eginen du, besteak beste, Iruñeko Udaletxe plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!