Kalte latzak eragin ditu Tafalla eta Piu arteko suteak, bai eta polemika handia ere: suhiltzaileek behar bezala jokatu ote zuten, azalpen eskaerak Beaumont kontseilariari... eskuinak ahotan izan du kontua. Eta eragindako kaltearekin ere, zalantzak eta zenbaki dantza; hasiera batean 3.538 erre zirela esan bazuten ere, badirudi 1.200 gutxiago izan daitezkeela, alegia, %33 eginen luke behera erretako lur eremuak.
Tracasaren zenbaketen adierazten dutenez, 2.347 hektarea izanen lirateke, osotara. Lur motari dagokionez, 1.000 inguru belarkara uztak ziren, 750 sasiak eta 600 hektarea zuhaitz ezberdinak.
Sutea ere eztabaida gai
Protokoloa bete egin zen. Horra Nafarroako Barne kontseilariak adierazitakoa urriaren 4an parlamentu aurreko sesioan, oposizioko taldeek eskatuta eskainitako agerraldian. Txosten teknikoak eta sutearen itzalketari buruzkoak aurkeztu zizkien orduan oposizioko taldeei; dena dela, irmo jo zuten kontseilariaren kontra PSNk eta UPNk.
"Gobernuak buruzagitza hartuz eta arduraz, edo era kaotikoan jokatu zuen -sutearen aurrean-?". Sergio Sayas UPNko kideak galdera hori egin zion Beaumonti. Hark ahoan bilorik gabe erantzun zion, baietz; gobernuak "beharrezkoa zen gisan" jardun zuela: "Protokoloa hasi eta buka bete zen, behar adinako baliabideak eskaini ziren eta koordinazioa egokia izan zen".