Soro eta baratze idorrak , hariztiak eta pinudiak zituzten eremuetan izan dira kalte handienak.
Abuztuak 25 ostegunarekin piztu zen sua eta harrezkero, lanean gogor aritu dira suhiltzaileak eta herritarrak hondamendi honi aurre eginez. Nafarroako Gobernuko iturriek itzalitzat eman dute sutea.
Orain, kalteen balorazioa egiteko tenorea da. Lan horretan ari dira herrietan. Izan diren kalteak neurtzen, alegia.
Euskalerria Irratian, Puiuko alkate Nekane Salaberria, Tafallako ingurumen zinegotzi Pedro Leralta eta Artaxoako zinegotzi Maite Jurio elkartu ditugu. Solasaldian, Nafarroako erdialdean piztu den sutearen jatorriaz, bilakaeraz eta ondorioez mintzatu gara.
Nekane Salaberria (Puiuko alkatea): “Laguntza asko beharko dugu herriak berreskuratzeko”
Itzali dugu sutea, baina horrekin ez da aski. Orain, laguntzak behar ditugu herriak berreskuratzeko eta inguruko natura biziberritzeko. Herritarrak lur jota daude. Oraingoz, dena beltz ikusten dugu.
Pedro Leralta (Tafallako zinegotzia): “Euria egiten duenean neurtuko ditugu kalteak zehazki” Euria egiten duenean, orduan bai, suteak utzi dituen kalteak zehazki neurtzeko aukera izanen dugu. Uda oso lehorra izaten ari da. Azken asteotan, ez du tantarik bota. Dena den, modu naturalean berreskuratuko da lurra. Horrek asko lasaitzen nau. Udaberrian ikusiko ditugu emaitzak.
Maite Jurio (Artaxoako zinegotzia): “Suteak gerta ez daitezen hobe zaindu beharko genuke natura" Sarritan ez da erraza suteak ekiditea. Hala ere, prenbentzioan lan handia daukagu egiteko. Mendiak hobe zaindu behar ditugu. Basoak garbi izan behar ditugu. Sasiak eta sastrakak kendu behar dira. Modu horretan, sute gutxiago piztuko da.