Protolokoloa bete egin zen. Horra Nafarroako Barne kontseilariak adierazitakoa. Txosten teknikoak eta sutearen itzalketari buruzkoak aurkeztu dizkie oposizioko taldeei; dena dela, irmo jo dute kontseilariaren kontra PSNk eta UPNk.
"Gobernuak buruzagitza hartuz eta arduraz, edo era kaotikoan jokatu zuen?". Sergio Sayas UPNko kideak egin dio galdera Beaumonti. Hark ahoan bilorik gabe erantzun dio, baietz; gobernuak beharrezkoa zen gisan jardun zuela.
"Protokoloa hasi eta buka bete zen, behar adinako baliabideak eskaini ziren eta koordinazioa egokia izan zen". Horiek dira beraz, ongi emandako urratsak, Beaumonten ustetan.
"Primerakoa", baina teknikoki
"Primerakoa". Gisa horretakoa izan zen Nafarroako Gobernuaren jokabidea suteari erantzuterakoan. Horixe bera da Beaumontek esan zuena, ezbeharra jazo zenean. Adjektibo horrek harrotutako urak baretze asmotan, "agian egokiena izan ez zela" aipatu badu ere, bere horretan mantendu da. Jokabidea teknikoki "primerakoa" izan zen.
Hala, azaldu du baldintza meteorologikoak medio eta begetazio mota dela eta areagotu zela sua, eta ez zuela zerikusirik izan suhiltzaileen edota Gobernuaren jardunarekin.
Oposizioko kideek ez dituzte begi onez ikusi Beuamonten azalpenak. Esaterako, Sayasek kontseilariak dimisioa eman beharko lukeela iradoki du.