"Bilduk nahi duena egin dezake", nolanahi ere Aroztegiaren gaia "itxita" dago Geroa Bairentzat. "Itxita", alegia, aldaketa aukerarik gabe. Hori da Koldo Martinez (Geroa Bai) parlamentariak azaldu duena. "Garapenaren gurpilean" ez du "makilarik" sartu nahi.
Bilduk parlamentuan egindako galderei erantzunez egin ditu hitzok, izan ere, babesa azaldu dio Adolfo Araizek (Bildu) Baztango Udalak antolatutako galdeketari, ekainaren 5ean herritarrei Aroztegiaren inguruko iritzia eskatuko die eta.
Geroa Baiko ordezkariak esandakoaren arabera, aldiz, horrek ez ditu gauzak aldatuko. Bestela pentsatzen du Araizek. "Parte hartze handia baldin badago, atentzio eman behar dio Geroa Bairi". Herritarrei galdetzea "ariketa demokratikoa" dela defendatu du.
Ingurugiro eta Landa Garapeneko Departamentuak egindako txostena esku artean joan da Bildu galderak egitera. Idazki hori oinarri, exekutiboari galdetu dio ea hark uste duen "enpresa bultzatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez duela azterketa ekonomiko sakonik, Departamentuaren txostenak dioen bezala", bai eta "bizitegi erabilpenak gutxitzea egokia iruditzen zaion, turismoa proiektua garatzeko oinarria dela kontuan izanda".
Geroa Baiko Martinezek esan du ez duela "inor" legearen kontra joatera "derrigortuko".