228 etxebizitza eraikitzea 350 biztanle dituen herri batean; Lekarozen, hain justu. Horra Aroztegiak demografiari lekarkion muturreko aldaketa. Ez da hori, ordea, proiektuak eraginen lukeen bakarra. Bailara osoa moldatuko lukeela salatu dute mobilizazioaren antolatzaileek, eta, hori medio, galdera utzi dute airean: "Norendako da onuragarria proiektu hau?".
Herritarrei ez diete eskatu Aroztegiaren inguruko iritzirik, eta entzun ditzaten nahi dute. Galdeketa egitea. Esku artean daukaten eskaera da hori, eta sinadurak biltzeari ekinen diote, posible izateko. Exekutiboari so egin dute hausnarra. "Nola erran dezake gobernu demokratiko batek ez duela herritarren iritzia jakin nahi edo galdetzea legez kontrakoa dela?", kritikatu dute.
Geroa Bai, kapitalaren morroi; Geroa Bai, aldaketarik nahi? ;eta Aroztegia is not for sale leloak erabili zituzten, besteak beste. Gainera, golf jokalariz eta aberatsez mozorrotu ziren hainbat lagun manifestazioan, umore ukitua ahantzi gabe.
Aspaldi adierazitako ezetza
"Ezetz erran genuen 2009an herri galdeketa egin zenean; ezetz erran dugu alegazioak aurkeztu ditugun aldiro; ezetz erran genien atzo legez kontrako proiektua onartu zuten, eta orain legalitatea defenditzen dutenei; eta ezetz erran diegu Lekarozko herria, Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusia beren menpe daudela uste dutenei. Hala ere, batzuk entzungor segitzen dute, batere lotsarik gabe lekaroztarren borondatea oraindik zalantzan jartzen", salatu dute.
Elkarlanerako deia egin diete, bada, Baztango herritarrei, galdeketa antolatu eta proiektua bertan behera geratu dadin.
Mobilizazioaren argazki galeria osatu du eklinklik.org webguneak.