Espainiako Auzitegi Nazionalean akordiora iritsi dira bederatzi euskal herritarrak, eta, beraz, aske geratu dira. Bina urteko zigorra ezarri diete denei, Ugaitz Elizarani eta Sandra Barrenetxeari izan ezik, bi urte eta hiru hilabeteko zigorra eta urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra dute biek, hurrenez hurren.
Horregatik, zigor luzeena duena izaki, akusazioak eta fiskalak galdegin dute Elizaran ere baldintzapeko askatasunean uzteko.
Segurako auzian auzipetutakoek aurkeztutako testuaren antzeko dokumentu bat eraman dute 08/2013 sumarioko akusatuek ere auzitegira, eta horri esker erdietsi dute hitzarmena.
2010eko irailaren 14an hartu zituzten atxilo bederatziak. Inkomunikatu bitartean torturatu zituztela salatu zuten denek.