Orotara bederatzi euskal herritar epaituko dituzte auzi honetan. Zigor eskaerak bederatzi eta hamabost urte artekoak dira. Haien egoera salatzeko, #BasqueLivesMatter eta #9aklibre etiketekin egoera salatzeko kanpaina egiten ari dira. Bi auzipetu elkarrizketatu ditugu: Iriarte eta Compains.
“Bilera politikoetan parte hartu dugula, hori da gure aurka daukaten proba bakarra”
Eneko Compains: Gauza jakina zen gu militante independentista konprometituak ginela. Atxilotuak eta bortizki torturatuak izan ginen. Grande Marlaska epaileak bi urtez eraman gintuen espetxera, epaiketarik gabe. Nire kasuan Aranjuezen izan nintzen preso, 600 kilometrora. Leporatzen diguten bakarra bilkura politikoak dira. Nire kasu zehatzean 15 bilera dira. Batzuetan egozten didatena da taberna batean pote bat hartzea, pertsona jakin batekin, antza pertsona kontaminatu batekin. Gertakariak horiek dira. Gero poliziak, guardia zibilak, fiskaltzak, akusazioek literatura poliziala egin dute, hori guztia bihurritzen dute, esan ahal izateko terrorismoaren aldeko lana zela.
Rosa Iriarte: Sobera ezaguna dugu Euskal Herrian “dena ETA da” dioen doktrina. Askotan erabili dute. Gurea beste kasu bat izan da. Euskal herritarrak atxilotzeko, torturatzeko eta espetxeratzeko erabili dute salbuespen legedi hori. Eta erabiltzen segi dezakete, indarrean segitzen duelako. Eta hori ere salatu nahi dugu.
“Bost eguneko infernua pairatu genuen”
EC: Bost egunez benetako infernu bat pairatu genuen Tres Cantos kuartelean, Guardia Zibilaren esku. Ikaragarria izan zen eman ziguten tratua. Martxelo Otamendik ederki azaldu zuen: ni izen oneko herritarra izanda torturatu banaute, zer ez diete eginen euskal herritar gazte arruntei. Kolpeak, mehatxuak, lorik eza, lau egunez etengabe tratu hori pairatu genuen.
RI: Enekok ongi definitu du egin zigutena. Nik nabarmenduko nuke emakumeen kasuan tortura plus bate ematen dela. Emakume izateagatik tortura matxista eta sexista pairatu izan genuen. Sumarioan lau emakume gara. Eta lauoi gauza bera egin ziguten: bortxaketa mehatxu etengabeak, bortxaketa simulakroak, zirriak… Ausartzen naiz esatera torturaren infernu hori pairatu dugun emakume guztiok hori sufritu dugula plus hori.
“Behin-behineko espetxealdiak salbuespena izan beharko luke, baina euskal herritarrontzat arau bihurtu dute”
EC: Legeak dio epai batek kontrakoa esan arte zu errugabea zarela. Hemen kontrakoa ikusi dugu. Zer gertatzen da hemen? Behin-behineko espetxeratzea salbuespena izan beharko lukeela, baina euskal herritarren kasuan arau bihurtu dutela. [Grande Marlaskak] espetxera bidali gintuen, inolako ekintza bortitzik leporatzen ez baziguten ere. Legeak argi dio ezin dela behin-behineko espetxealdia ezarri aurreraturiko zigor bezala. Gure abokatuek argudio juridiko sendoekin aske utz gintzaten eskatu zuten, baina alferrik.
RI: Espetxealdiari dagokionez, nik batez ere hasierako beldurra dut gogoan. Inkomunikazioaren ondorioz oso txikitua iritsi nintzen espetxera. Eta bi urte geroago beldurrez segitzen nuen. Funtzionarioei beldurra nien. Han konfrontazio asko izaten dituzu funtzionarioekin. Eta nik beldurrez bizi izan nituen egoera horiek guztiak. Denborarekin gainditzen joan nintzen, baina ez erabat. Beste presoekiko harremana ona eta zenbaitetan alaia ere izan zen.
EC: Ezbairik gabe gogorra da zeure burua lau hormatzarren artean ikustea, jakin gabe noiz arte izanen zaren hor. Rosikak kontatutakoari kontrapuntua jartzeko esanen dut gogortasun horretan oso gauza politak gertatzen direla. Aranjuezen hamasei euskal preso ginen, moduluetan binaka banatuta, eta hor oso harreman bereziak sortzen dira, oso elkartasun harreman trinkoak. Beti tente izan ginen. Beti tinko.
“Basque Lives Matter kanpainarekin balore unibertsalak aldarrikatu nahi ditugu, gure partikulartasunetik”
EC: Basque Lives Matter izena jarri diogu gure protesta kanpainari. Zergatik? Kanpaina prestatzen ari ginela, Angela Davisek bisita egin zuen Euskal Herrira, borroka ezberdinak azaltzeko. Eta, besteak beste, kontatu zuen Estatu Batuetako komunitate beltzak poliziaren bortizkeriari aurre egiteko lelo hori darabilela. Eta leloa inportatzea pentsatu genuen. Zer asmo dugu horrekin? Mezu horrekin balore unibertsalak aldarrikatu nahi ditugu: giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak… Baina gure partikulartasunetik. Gu atxilotu gintuzten euskal heritarrak, militanteak, indipendentistak izateagatik.
RI: Hiru helburu bete nahi genituen. Lehena, ikustaraztea, bisibilizatzea orain arte pairatu ditugun ondorio guztiak, guk eta gure ingurukoek. Bestalde, borrokatzea herritar guztioi dagozkigun eskubide zibil eta politikoen alde. Eta, azkenik, arduraz jokatzeko deia ere egin nahi genuen. Guztioi gertatzen ahal zaizkigunez horrelakoak, hori konpondu nahi dugu.
EC: Nafarroan erabaki genuen bai ala bai erakundeetara jo behar genuela babes bila, guri gertaturikoa azaltzera eta ikustera ea erakundeen konpromiso zehatzak lor genitzakeen. Berdintasunaren institutura jo genuen, eta esan ziguten ikaragarria zela gertatu zitzaiguna, batez ere emakumeek pairatu zuten tratua, hor zentraturik baitago haien lana. Arartekoarengana ere jo genuen, eta erantzun ona jaso genuen. Esan zigun eskuduntza gutxi duenez ezin zuela askorik egin, baina gomendatu zigun Gobernuarengana jotzea, eta horren zain gaude. Parlamentuan ere agerraldia egin genuen. Eta han elkartasuna bi ikuspegitik eskatu genuen: batetik, epaiketa politikoei aurre egiteko; eta, bestetik, torturaren aurka. Hor konpromiso zehatza eskatu genuen. EAEn ikerketa bat egiten ari dira, argitzeko 1960 eta 2013 urteen artean zer gertatu den torturarekin. Zergatik ez Nafarroan? Zorionez, ikusi dugu Parlamentuan halako ikerketa bat egiteko eskaera onartu dutela, Nafarroako Gobernuari halako ikerketa egiteko eskatu diotela. Garaipen txiki bat izan da.
RI: Tristea da, baina Parlamentuan batzuek ez dute gure mintzoa entzun nahi izan. Guk nahiko genuke jarrera politiko hori aldatzea, ez baitugu ulertzen zer gal dezaketen entzunez zer errealitate pairatzen dugun zenbait nafarrek. Haiek entzungor segitu arren, guk gure egoera salatzen jarraituko dugu.
EC: Bederatzi herritarroi Istanbuleko protokoloa ezarri ziguten. Lanabes bat da zientifikoki argitu ahal izateko egiazki torturatu gaituzten ala ez. Bederatzi kasuetan adituek diote gure testigantzek sinesgarritasun osoa dutela. Errealitate horri egin diote entzungor.
“Epaiketan, AVTk eta Dignidad y Justicia elkarteek ez dute akordiorik nahi”
EC: Aurreikusia dugu epaiketak hiru aste irautea. Hipotesi horrekin mugitzen gara. Madrilera jaitsiko gara epaiketa egitera. Akordio baterako aukerak itxita daude, bereziki Dignidad y Justizia eta AVTren jarrerarengatik. Fiskaltza horretarako prest dago. Halaber, Madrilen lan politikoa egiten saiatuko gara. Badago elkartasun talde bat Madrilen. Ongietorria eginen digute maiatzaren 18an, Eta hitzaldiak eta sozializazio ekintzak planifikatu ditugu.
RI: Akordioa lotzea nahi genuke. Harremanetan izan dira gure abokatuak Fiskaltzarekin, eta jarrera positiboa ikusi dute. Baina ez ordea AVT eta Dignidad y Justiziaren aldetik. Daniel Porterok harrokeriaz Twitterren adierazi du ez dutela onartuko akordiorik gure epaiketan. Oraingoz hori da jarrera, eta ezin dugu hitzarmena aurreikusi. Guk, jakina, absoluzioa aldarrikatzen dugu, egoera bidegabea delako.
EC: Emango balitz aukera akordio batera iristeko, gure baldintza da denok etxera itzultzea. Kasu horretan akordioa arrazoizkoa da, ezin baitugu ahaztu non gauden: [Auzitegi Nazionala] salbuespenezko auzitegi bat da. Tribunal de Orden Publiko auzitegi frankista zaharraren oinordekoa da. Baina akordioa arrazoizkoa, zentzuzkoa izateak ez du esan nahi justiziazkoa denik, onartzen ari baikara zigor bat guztiz bidezkoak ziren jarduera batzuengatik.