Txupinazoan ikurrina jartzea “lege-iruzurra” dela dio epaileak

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 7a, 20:00
Ikurrina Iruñeko Udaletxeko balkoian joan den sanferminetan. Arg: eitb.eus

> Lizarra, Leitza, Etxarri-Aranatz, Oteitza eta Lakuntzako udalak ere zigortu nahi ditu Iruñeko administrazioarekiko auzietako 2. aretoak.
> Epaia ez da irmoa: udalak helegitea aurkez dezake, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aitzinean.
> Kontraesana epaileen artean: beste epaile batek dio ikurrina Berriozarko udaletxean jartzea legezkoa izan zela.

Epaileak ontzat eman du Estatuko Abokatutzak aurkeztu zuen helegitea. Epaia ez da irmoa, eta horren aurkako helegitea jartzeko aukera dute orain sei udal hauek.

Nafarroako ikurren legeak debekatu egiten du ikurrina udaletxeko balkoian jartzea. Legearen arabera, beste herrialde, erkidego edo udalerri baten bandera jarri ahal da, "salbuespen moduan", betiere leku horretako agintariek bisita ofiziala egiten badute.

Nafarroako hiriburuko Udalak argudiatu zuen EAEko bi legebiltzarkide bertan zeudelako jarri zutela ikurrina, baina epaileak uste du EAEko legebiltzarkideak ez zeudela bisita ofiziala egiten ari, eta, gainera, Gernikako Estatutuak ez diela ordezkapen ahalmenik ematen. Haren ustez bi legebiltzarkide gonbidatu zituztela udaletxean ikurrina jarri ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!